ELKARRIZKETA

Iker Agirrezabala: “Heriotza tasarik handiena duen kiroletako bat da urpeko arrantza”

Berriketan 2023ko mar. 6a, 10:50

Iker Agirrezabala debarra urpeko arrantzalea da afizioz. Gaur egun, Real Sociedad taldeko urpeko ekintzen ataleko kirol klubeko kidea da; Euskadiko Angulero Elkarteko bozeramailea eta Deba ibaiko ordezkaria ere bada.

Agirrezabala umetan hasi zen hodia ahoan eta fusila eskuan ibiltzen, eta ordutik “bere bizitzako ardatz nagusietako bat” bihurtu da. Abenturazale grinatsua ere bada eta, bere pasioarekin uztartuta, hamaika bidaia egiteko aukera izan du; bidaia horiek hizpide hartuta, hitzaldiak ere ematen hasi da.

Bistan da oso harreman berezia daukazula itsasoarekin. Nola ezagutu zenuen urpeko arrantza?
Deban bizi garenok beti izan dugu itsasoa begien aurrean. Txikitan hondartzara joaten ginenean, ni arroketara joaten nintzen karramarroak harrapatzera. Egun batean betaurreko batzuk hartu eta burua putzu batean sartu nuen arte… Burua uretan sartu eta beste mundu bat ikusteak txundituta utzi ninduen.

Hortaz, betidanik izan duzu gustuko?
Futbola ez nuen batere gustuko. Animaliak, itsasoa, arrainak, arrantza… horiek guztiak, ordea, nire benetako pasioa ziren txiki-txikitatik.

Zein duzu urpean ibiltzeko lekurik preziatuena?
Eatik Hondarribirainoko tartean ibiltzen naiz, eta nire lekurik gustukoena Jaizkibelgo kostaldea da. Euskal Herriko kostalderik basati eta aberatsena da arrantzarako, batez ere negu partean. Lupi eta muxarren paradisua deitzen diogu, nahiz eta urtetik urtera bertan dagoen kopurua ere txikitzen doan.

“Erritmo lasai eta konstante bat eraman behar da, eta burua beti hotz, sakoneran gabiltzanean batez ere”

Beti murgiltzen al zara ur sakonetan?
Neguan ez naiz oso sakon ibiltzen, asko jota 10 metroko sakonerara murgiltzen naiz. Muxarrak eta lupiak bezalako neguko arrainak itsasertzean harrapatzen ditugu, olatuak apurtzen diren lekuan. Udaran, ordea, beste arrain mota batzuk bilatzen ditut. Urraburua edo txelba hortzandia, esaterako, itxarote arrantza deritzon teknika erabilita arrantzatzen ditut, 15-25 metroko sakoneran.

Zenbat metroko sakoneran ibiltzen zara gehienez?
Sakoneko arrantzan nabilenean, normalean, 20-25 metroko sakoneran ibiltzen naiz. Erbestean, baina, 30 metroko sakonerara ere iritsi izan naiz; halako toki batean zaudenean merezi du halako ahalegina egitea.

Urpeko arrantzan aritzeko ezinbestekoa da apnea maila ona izatea. Urpean zaudenean, baina, nola jakiten duzu zenbat denbora daukazun bertan egoteko?
Apnea neurtzen duen erloju bat daramat beti soinean. Erloju horrek berak kontrolatzen dizu ur azpian egin dezakezun tartea eta beharrezko errekuperaziorako denbora. Horrez gain, zenbat jaitsiera egin dituzun eta zenbat metroko sakoneran ere neurtzen du. Norberak ezagutzen du bere gorputza ondoen eta, horren arabera, hurrengo jaitsierari ekin aurretik errekuperatzeko zenbat denbora behar dugun jakiteko gai ere bagara.

Iker Agirrezabala, 2,5 metroko bela arrain batekin, Nikaraguan. Argazkia: Iker Agirrezabala.

Nola prestatzen dituzu urperatze saioak?
Erritmo lasai eta konstante bat eraman behar da, eta burua beti hotz, sakoneran gabiltzanean batez ere.

Zein arrantza teknika gustatzen zaizu gehien?
Gehien gustatzen zaidan teknika itxarote arrantza deritzona da. Arnasa sakon hartu, urperatu, harri baten atzean ezkutatu eta hor geldi-geldi egon behar duzu pare bat minutuz, arraina zuregana etorri arte. Egia esan, norberarengana datorren arrain handi batekin begirada gurutzatzeak ez dauka preziorik.

Zein duzu arrantzan aritzeko sasoirik gustukoena?
Udaberria, zalantzarik gabe. Martxoan hasi eta ekain bukaerara arteko garai horretan neguko arrainak eta udakoak nahasten dira eta orduan egiten ditut saiorik politenak.

“Ordu erdi eman nuen Ozeano Barearen erdian bi metro eta erdiko bela arrain bati lotuta, zer gertatuko zen jakin gabe”

Zein da orain arte egin duzun harrapaketarik handiena?
Galdera zaila, benetan. Kanpoko itsasoetan arrantzatutako arrainik azpimarragarrienak 60 kiloko meroa, 40 kiloko seriola, 35 kiloko txelba arrunta eta 2,5 metroko bela arraina dira. Hemengo itsasoko arrainei dagokienean, 10,6 kiloko lupia, 30 kiloko burbina eta 6 kiloko urraburua dira arrantzatu ditudan handienak.

Eta zein izan da gehien kostatu zaizuna?
Zalantzarik gabe, Nikaraguan harrapatu nuen 2,5 metroko bela arraina. Tiroz jo ostean, ordu erdiz eraman ninduen itsasoan barrena tiraka. Nekatu zenean, itsasontzia nire bila etorri zen eta, beste fusil batekin beste tiro bat jo ondoren, itsasontzi barrura sartzea lortu genuen. Beti gogoratuko dudan momentua izan zen; ordu erdi eman nuen Ozeano Barearen erdian arrain bati lotuta, zer gertatuko zen jakin gabe. Batetik, arrainak ihes egiten bazidan inork ez zidala sinetsiko uste nuen, eta, bestetik, arrainak buelta emateko eta haren ezpatarekiko beldurrez ere banengoen.

Hortaz, erabiltzen duzuen materialak ere garrantzi handia du, ezta?
Kirol guztietan bezala, urpeko arrantzarako materiala ere izugarri hobetu dute. Neoprenozko jantziak askoz bigunagoak eta beroagoak dira, hegatsak karbonozkoak, fusilak egurrezkoak… izugarri hobetu da dena.

Hainbeste urteko esperientzia izanda, zein izan da uretan ikusi duzun gauzarik liluragarriena?
Cortez itsasoan urperatzear nengoen batean, nire azpian punto txuri pila bat zituen zerbait nabaritu nuen; izugarrizko marrazo balea zen, 12 metro ingurukoa. Azkar uretaratu nintzen eta, bizkarrean duen hegalari helduta, harekin igeri egiteko aukera izan nuen. Beste batean, ordea, balea gris batekin egin nuen topo, baita marrazoekin ere.

“30 urte baino gehiago daramatzat kirol hau praktikatzen, eta momentu latz asko ere izan ditut”

Kirol arriskutsua ere bada…
Heriotza tasarik handiena duen kiroletako bat da urpeko arrantza, eta jendea ez da horretaz jabetzen. Hiru lagun galdu ditut itsasoan eta kezka hori beti eramango dut barruan. Noizean behin istripuak gertatzen dira eta, egia esan, inor ez dago arriskuz kanpo. Azkenean, lortutako esperientziari esker, norbere gorputza hobeto ezagutzeko gai gara eta horrek norbere mugak non dauden erakusten digu; nire ustez, muga horiek alde handiarekin errespetatzea da onena.

Zeintzuk dira ur azpian bizi izan dituzun unerik atseginenak?
Semearekin arrantzara joaten hasi naiz. Hain gaztea izanda urpean zer ondo moldatzen den ikustea asko atsegin dut.

Eta, alderantziz, estualdi gogorrenak?
30 urte baino gehiago daramatzat kirol hau praktikatzen, eta momentu latz asko ere izan ditut. Ez dut gezurrik esango, tartean momentu oso-oso latzen bat ere bizi izan dut; egia esan, inor ez dago arriskutik kanpo.

Euskal Herriko mugetatik harago ere aritu izan zara arrantzan. Zein leku interesgarritan egon zara?
Leku askotan egon naiz, besteak beste, Marokon, Grezian, Azore irletan, Costa Rican, Nikaraguan, Mexikon eta Madagaskarren.

Iker Agirrezabala, bidaietako batean arrantzatutako bi mero erraldoirekin. Argazkia: Iker Agirrezabala

Zer nolako esperientziak izan dira?
Ur azpian zein lehorrean, leku guztiek dute beren xarma. Betiko lagun batzuekin joaten naiz eta, batez ere, herrialde haietako jendea eta kultura desberdinak azpimarratuko nituzke.

Zer ikasi duzu bertan?
Turistikoa ez den bidaia bat bizitzan egin daitekeen gauzarik onenetakoa dela; luxuetatik urrun eta bertako jende xumearekin nahastuta. Nire ustez, hori da benetako bidaia bat egitea.

Bidaia horietako batean ateratako argazki batean ia zu besteko arrainekin ikusi zaitugu. Nola moldatzen zara halako arrain handiak arrantzatzen?
Arrain erraldoientzako fusil indartsuagoak eta hagaxka bereziak erabiltzen ditut. Arrain erraldoi horiek arrantzatzeko teknika, ordea, berdina da. Hori bai, ez du balio edonon jotzeak. Lehen tiroan hil ezean, hobe ez botatzea, oso arriskutsua baita.

Nola antolatzen dituzu bidaia horiek? Materiala eramateko arazorik ez duzue izaten, adibidez?
Beharrezko material guztia guk eramaten dugu, izan ere, joaten garen leku haietako askotan ez dago material egokirik erosteko aukerarik ere. Materiala ondo bilduta eramanez gero, ez da arazorik egoten.

“Telebistarako zenbait erreportaje egin izan ditut eta jendea bideo horiekin asko txunditzen da”

Bidaia asko egin dituzu han-hemenka. Zein izan da zure gogokoena?
Denak ditut gogoko, ezingo nuke bat bera ere baztertu. Jende asko ezagutu eta momentu zoragarriak bizitzeko aukera izan dut, baina leku bat aukeratzekotan Cortez itsasoan dagoen San Jose uhartea aukeratuko nuke; hura da gure bihotzeko paradisua.

Zein izango da zure hurrengo geralekua?
Hurrengo bidaia urrian egingo dugu. Kalifornia Beherera joango gara, Ozeano Bare aldera, mero erraldoi eta marlinen bat harrapatzeko gogoz. Marlina da oraindik ere arrantzatzeke dudan arrain desiatuenetako bat.

Bidaia horiek guztiak hizpide hartuta, hitzaldiak ere eman izan dituzu. Zer moduzkoa izan da esperientzia? Jendea zerekin harritzen da gehien?
Kontu-kontari aritzeko beti eduki dut erraztasuna, ez naiz batere lotsatia. Telebistarako zenbait erreportaje egin izan ditut, eta jendea bideo horiekin asko txunditzen da. Kamera fusilean jarrita eramaten dut eta ikusleak arrantzalearen azalean jartzen dira zuzenean.

Urpeko arrantza txapelketetan ere parte hartzen duzu. Zein da orain arte lortu duzun emaitzarik aipagarriena?
Realak urpeko jardueretako taldea dauka eta euren izenean lehiatzen naiz. Azken bi urteotan Gipuzkoako txapeldunorde izendatu naute eta Euskadiko txapelketetan lehen hamarren artean sailkatu naiz. Emaitza onak baldin badira ere, txapelketak ez ditut oso gogoan hartzen.