Debanatura Ingurumen Heziketa elkartea Ekin Berdea proiektuan buru-belarri murgilduta dabil. Hala, larunbaterako (martxoak 11), proiektuaren hurrengo ekintza egiteko asmoa iragarri dute: Tamarindo Eguna. Bertan parte hartu nahi dutenek hitzordua jarrita daukate: 10:00etan batuko dira Foruen Plazan. Ekintza doakoa da baina aurretiaz izena eman behar da debanatura@hotmail.com helbide elektronikora edo 695785656 telefono zenbakira mezu bat bidalita. “Mezuan parte hartzaileen izen-abizenak, adina, herria eta kontakturako telefono zenbaki bat zehaztu beharko dira”.
Irteera familia osoari zuzenduta dago, eta parte hartuko dutenei ura, oinetako eta arropa egokiak eramateko gomendioa egin diete. “Mendiko edo gomazko botak, arropa erosoa eta euritarako arropa ekarri, badaezpada”. Ekintza burutzeko beharrezkoa den gainontzeko material guztia eramateaz antolakuntza arduratuko da. Herritarrak ekintzan parte hartzera animatu dituzte. “Bazkal ordurako etxera bueltatuko gara. Anima zaitez, goiz ederra igaroko dugu”.
Debanaturako arduradunek auzolanean bertako zuhaitzen mintegi bat eraikitzeko nahia agertu dute. Horretarako, ibilbide bat egingo dute itsasadarretik zehar eta, ibilbide horretan, zaborra bildu eta inguruko milazken, zumitzen, intxuxen eta abarren aldaxkak bilduko dituzte. Batutako material hori, gero, mintegian landatuko dute, “etorkizun hurbil batean” landaketa bat egin ahal izateko.
Aurreratu dutenez, frantsez milazkak (tamarix gallica) edo “tamarindo” modura ezagunagoak diren zuhaitzak landatuko dituzte etorkizunean. “Tamarindoak, berez, Debako itsasadarraren ertzetan orla bat eratzen duten zuhaixkak dira. Antzina, euskal kostaldeko estuarioetan egon bazeuden ere, gaur egun nekez ikusi daitezke halako egiturak”.
Gaineratu dute ibai ertzetako lurra higaduretatik “eraginkortasunez” babesten laguntzen dutela frantsez milazkek. “Zuhaixka hauek enborren eta adarren elastikosuna dela eta, korrontearen aurkako neurrizko erresistentzia hidraulikoa eskaintzen dute uholdeak daudenean. Zuhaixka hauek, gainera, gazitasun handiko egoerei eusten diete, gatza hostoetatik iragazteko duten mekanismoari esker”.