Street Art Cities atariaren erabiltzaileek hartu dute erabakia: urtarrilaren hasieran iazko ehun muralik onenen zerrenda argitaratu zuten webgunean, eta, hilabete amaieran, bozketa bidez, herritarrek ebatzi zuten Ondarroakoa dela hirugarren onena. Herbehereetan dago, Tilburgen, bozketaren irabazlea eta Argentinan, Buenos Airesen, berriz, bigarrena.
Joan den udaberrian egin zuen Kamiñazpiko murala Lianek (AEB, 1981); esku batzuk ageri dira bertan, sare bat konpontzen, eta mendeetan Ondarroan emakume saregileek aurrera eramandako jarduera garrantzitsuari omenaldia egitea du helburu. Egun Atxondon bizi den artistarentzat ez da berria munduko ehun onenen zerrendan sartzea. 2019an ere lortu zuen, Leitzako (Nafarroa) Atekabeltzen egindako muralarekin; bozketa bukatuta, 45. postua irabazi zuen.
Begirada mugimendu sozialetan. Ondarroan eta Leitzan ez ezik, munduko eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere aurki daiteke Murales Lianen sinadura, hala nola Bilbon, Durangon, Soraluzen eta Deban. Mugimendu sozialekin lotura estua du autoreak, eta horren isla dira haren lanak.
Eragile ezberdinen enkarguz sortu ditu Debako kaleetan, espazio publikoan, ikusgai ditugun hiru muralak. Euskal Jolas parean dago bat (Deba herri anitza goiburupean sortua); Maxpen bigarrena, Bixok maitte degun jolasa mezuarekin; eta Gaztetxeko hormetako batean hirugarrena, emakume boxeolariarena.