Udalerri euskaldunetako 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako udalekuak antolatuko ditu aurten ere Uemak. Ekainaren 26tik uztailaren 4ra izango da aurtengo ekimena eta martxoaren 31ra arte izango da izena emateko aukera. Izena emateko hiru bide jarri dituzte: batetik, Internet bidez egin ahal izango da eskaera; bestetik, 943 81 66 99 telefono zenbakira deituta; eta, horrez gain, datuak arnasguneak@uema.eus helbide elektronikora bidalita ere bai.
Aurten ere ibiltaria izango da UEMAk antolatutako ekimena. Orozkotik Dimarako bidea egingo dute bertan parte hartuko duten 120 lagunek. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da egitasmoaren helburua.
Antolatzaileek gogorarazi bezala, “hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu Uemak azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin”.