Realak erronka zail bat dauka gaur iluntzean, Europa Leagueko final zortzirenetako itzulerako partidan. Erroman 2-0 galdu ostean, kanporaketa irauli beharko du talde oso sendo baten aurka. 21:00etan izango da norgehiagoka, Reale Arenan bertan.
“Energia positibo guztia ongi etorria” izango dela gogorarazi ondoren, Realak berak iragarri du futbol zelaian Brigade Loco musika taldea izango dela giroa berotzen. “Reale Arena galdara bat izan behar da. Eta, hori horrela izan dadin, bai partida aurretik bai atsedenaldian, gustukoen dugun abestietako bat entzungo dugu zuzenean, batez ere Aitor Zabaleta harmailetan”, adierazi du klubak. Besteak beste, Bultzada abestia eskainiko dute, hain zuzen ere, musikariek; realzale guztiek dagoeneko ezagun duten kanta, alegia.
Brigade Locok orain hiru bat urte sortu zuen Bultzada abestia, baita bideoklipa ere. Realzaletasunari gorazarre egiten dio abestiak eta, besteak beste, Reale Arena estadioko irudiak ageri dira ikus-entzunezkoan.