Deban izan zen, Aldats pilotalekuan, gipuzkoarren arteko lehia nagusia, gainontzeko sei herrialdeetako finalak jokatzen ziren egun berean. Txapelak Oiartzungo Asier eta Joseba Lekuona anaiek jantzi zituzten hitzorduaren amaieran, finala Debako Joxe Mari eta Aritz Larrañaga aita-semeen kontra irabazi ostean. Guztira 32 bikote sailkatu dira Gipuzkoatik martxoaren 25ean Zornotzan jokatuko den final nazionalera.
Zornotzako Zubiondo parkean izango da finala, bertan atonduko duten karpa batean eta, Euskal Herriko Mus Federazioak iragarri duenez, sari ederrak izango dira jokoan.
Euskal Herriko irabazleek txapela, garaikurra, 3.000 euro eta nazioarterako bidaia lortuko dute; bigarren sailkatzen den bikoteak garaikurra, 1.500 euro eta nazioarterako bidaia; hirugarren bikoteak 750 euro eta lau lagunentzako egonaldia; laugarren bikote sailkatuak 500 euro eta urte osoan euskara ikasteko bi matrikula. Bestalde, 5. postutik 8. postura artean geratzen diren bikoteek 250 eurona irabaziko dituzte, eta 9-16 postu artean sailkatutakoek, berriz, 100 eurona.