Otsailaren 27tik dihardute greba egiten Osakidetzako azpikontratatutako garbitzaileek. Eskatzen dutena da gainontzeko sektoreetako langileei modura, Osakidetzako langile azpikontratatuei ere ordaintzea karrera profesionala.
Bestela esanda, Osakidetzak zuzenean kontratatutako langileek 2019an, 2020an eta 2021ean lanbide-karrera izateagatik diru saria kobratu zuten. Gauza bera nahi dutelako hasi ziren mobilizatzen azpikontratatutako garbitzaileak.
Greba hasi zutenetik, hainbat bider luzatu dute protestaldia, sindikatuek salatutakoaren arabera, Osakidetzaren aldetik ez dagoelako inolako proposamenik egoera konpontzeko eta negoziazio mahaia desblokeatzeko. Oraingoz, apirilaren 16ra arte luzatuko dute protestaldia, ELA sindikatuak gaur iragarri duenaren arabera.
Jarraipen handia. ELAk emandako datuen arabera, Mendaroko ospitalean, garbitzaileen %90 ari da greba egiten. Anbulatorioetan, berriz, Soraluzekoan, Eibarkoan eta Mutrikukoan grebaren jarraipena %100ekoa da eta Mendaroko, Elgoibarko, Debako eta Ermuko anbulatorioetan, berriz, egun solteetan ari dira greba egiten. Hori bai, gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dira garbitzaileak. Bestalde, Eibarko ospitaleak langile propioak ditu eta haiek ez daude greban.
ELA sindikatuak Mendaroko ospitalean duen ordezkari Virginia Urrozolak dioenez, langileek badute “arazoa konpontzeko gogoa. Osakidetzak eta enpresek ere euren aldetik jar dezaketela uste dugu. Kaltetuak gu gara, lan bera, soldata bera, hori eskatzen dugu, besterik ez. Bertakoei atzerapenak ordaindu badizkiete, zergatik guri ez?”.