Debako Arrano Elkarteak antolatuta, Lur Albizuk eta Eraitz Saez de Egilazek idatzitako Gureak ere badira: desira, boterea, epika liburuaren aurkezpena egingo dute bihar (apirilak 1), Agirre Jauregiko Ispiluen gelan. Hitzordua 11:00etan izango da, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, bi egileak aurkezpenean izango dira. “Nahi duzuenok biekin solasaldia egiteko aukera izango duzue”.
Partekatutako galdera, ezinegon eta kezketatik abiatuta idatzi dute liburua Albizuk eta Saez de Egilazek eta bihar Deban eskainiko dute solasaldian, hain zuzen, beren lanean jaso dituzten hausnarketen zenbait gako argitzen saiatuko dira. “Gaian interesa duzuen guztiok bertaratzera gonbidatuta zaudete”, diote Arrano Elkarteko kideek.
Liburuan lantzen diren gaiak “interesgarriak eta gaurkotasun handikoak” iruditu zaizkie Arrano Elkarteko kideei, eta esan dute arrazoi horregatik erabaki dutela Gureak ere badira: desira, boterea, epika liburuaren aurkezpena urteurren ekintzen barruan egitea. “Feminismoari dagokionez, esaterako, iruditzen zaigu oso garrantzitsua dela gaia gaur egungo gazteen ikuspegitik nola ikusten duten ezagutzea”.
Gaineratu dute “gaur egun gazteei buruz egiten diren hainbat baieztapen kolokan jartzen” dituela lanak, eta hori ere interesgarria iruditu zaiela. “Gazteek ardura edo konpromiso eza dutela esan ohi da, baina liburuan hori guztiari buelta eman eta gaia beste era bideratzen dute. Honako ikuspegia ezagutzera ematea ere oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Gazteek, beharbada, beste era batera ulertzen dute gaur egungo gizartea eta hori ulertzeko beste era batzuk dituztela argitara eman nahi izan dugu, hain zuzen, aurkezpen honekin”.