Gure herriko plazari lotutako hiru kale zeuden garai bat izan omen zen: batetik, denontzat ezaguna den Iturkale; bestetik, Erdikokale izenekoa, Lersundi kalea guretzat; eta, azkenik, Okerkale, hiru kaleetatik zuzena ez zen bakarra baitzen. Azken hura zen Ostolaza kalearen lehengo izena, baita hemendik aurrera Kultur Elkartean lehen pausoak emango dituen podcast proiektu berriarena ere.
Podcast bat irratsaio klasiko baten antzekoa da. Baina, irrati klasikoan ez bezala, programa ez da zuzenean emititzen, plataforma digital ezberdinetara igotzen da, Internet bidez saioa edozein momentutan entzuteko aukera emanez. Gure kasuan, grabatzen diren saioak Okerkale Irratiaren Spotify, Ivoox eta Youtubeko kanaletan aurkitu ahal izango dituzue.
Hau guztia posible egiteko, Kultur Elkarteak beharrezko azpiegitura instalatu du eraikineko azken solairuan; soinuarentzako nahaste-mahaia, ordenagailua, kalitatezko mikrofono eta aurikularrak… eta grabaketa-estudio horren erabilera proiektuan parte hartu nahi duen edonoren eskura egongo da. Instalazioarekin bakarrik ez da nahikoa, ordea, eta, egitasmoa ezagutarazteaz gain, bertan grabatuko diren programa ezberdinen entzule izatera, haien bueltako iritzia helaraztera edota sortzen diren edukiak partekatzen laguntzera ere gonbidatu nahi zaitugu. Bestalde, programaren bat grabatzeko gogoa izanez gero, edota informazio gehiago jasotzeko interesa baldin baduzu, ongi etorria izango zara apirilaren 10ean, 19:00etan, Kultur Elkarteko areto nagusian egingo dugun bilera irekian. Anima zaitez!