Mankomunitateak ontzi arinen birziklapena areagotzea du helburu eta, horretarako, ontziak gaika biltzeko sentsibilizazio bideo didaktikoa argitaratu du (euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz). Bertan azaltzen da zeintzuk diren edukiontzi horira bota daitezkeen hondakinak eta, horrekin batera, gaikako bilketaren funtzionamenduaren inguruko informazioa ematen du ikus-entzunezkoak.
“Herritarrei soilik azaldu beharrean edukiontzi batean zer bota daitekeen eta zer ez, hondakinen kudeaketa nola egiten den azaltzea da asmoa, ulertu dezaten hondakin bakoitzari tratamendu berezia ematen zaiola, eta hondakinak gaika biltzea ingurumenarentzat mesedegarria izateaz gain, eskualdeko familien poltsikoentzat ere hobea dela”, aipatu dute mankomunitatetik. Haien esanetan, hain zuzen, “guztiok hondakinak modu egokian sailkatuko bagenitu, urtean 2.021.964,99 euro inguru aurreztuko lituzke mankomunitateak”.
Erakundearen arabera, datuek erakusten dute oraindik badagoela hobetzeko tartea. Izan ere, 2022an Debabarreneko herritar bakoitzak 426 kg hondakin sortu zituen, eta horietatik %55a jaso zen gaika.
Zer bota daiteke edukiontzi horian? Bertan utzi daitezke plastikozko ontziak, metalezko ontziak eta brikak, esaterako. Garrantzitsua da hondakin horiek dagokien edukiontziaren barruan uztea, bestela ez baitira gaika biltzen. Eta ezin dira bertan utzi ontziak ez diren plastikozko eta metalezko objektuak, rafiazko poltsak, eskolako materiala, jostailuak…