Mikel Nuñez, Jon Ander Amigo, Unai Olabarri eta Josu Salegi saxofonista debarrak osatzen duten Xahu taldeak hartu zuen aurreko ostiralean (martxoak 31) egindako ekintza irekitzearen ardura. Hasierako kontzertua laburra izan bazen ere, Gero Gerokoak diskoan jasotako hainbat abestiz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu ziren guztiek.
Areto txikiek eskaini ohi duten gertutasunak, gainera, publikoaren alde jokatu zuen; ikus-entzuleek, hain zuzen, musikarien trebetasuna hurbiletik gozatzeko aukera eduki zuten. Musikeneko ikasle ohien erakustaldiaren ostean, jam session irekia egin zen, oholtzan beste musikariei eta, oro har, inprobisazioari leku eginez.
Antolatzaileak “oso pozik” agertu dira emanaldiak izandako harrerarekin, eta datozen emanaldi eta ekintzetan parte hartzeko deia luzatu dute.
Argazkiak: Martin Lores