Ruper Ordorika musikaria apirilaren 22an eta 23an ariko da Kultur Elkartean. Hilaren 22rako iragarritako kontzerturako sarrera guztiak minutu gutxian agortu ziren, eta bigarren saiorako sarreren salmenta ere bide onetik doala aipatu dute Kultur Elkarteko kideek. Atzo (apirilak 12) aurrez aurre saldu ziren gehienak, baina oraindik ere bada azken sarrerak eskuratzeko aukera (esteka honetan eros daitezke).
Kultur Elkarteak eta udalak Liburuaren Egunaren harira prestatu duten egitarau bereziaren baitan egingo dira Ordorikaren bi kontzertuak; apirilaren 22koa 22:00etan izango da eta hilaren 23koa, berriz, 19:00etan. Bakarka ariko da bi saioetan.
Oñatin 1956an sortua, Gasteizen hazitako musikaria da Ordorika, euskal kantagintzak eman duen bakarlaririk enblematiko eta gorenetakoa. 1980ko hamarkadan Pott Banda literatura taldean ibili zen, Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxaga idazleekin batera, besteak beste, eta musika arloan herri kantaren tradizioa eta rock egilearen nortasuna batu ditu, bere erara. Ibilbide oparoa egin du musikagintzan, hamaika proiektutan murgildu eta hogeitik gora disko kaleratuta.