Begiratu Urrunera lelopean banatu dituzte aurtengo CAF-Elhuyar sariak, atzo (apirilak 26) Usurbilgo Sutegi aretoan egindako ekitaldian. Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin. Helburua da zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea.
Aurten 41 lan jaso dituzte lehiaketan eta epaimahaikideek Mattin Urbieta, Judith Zubia, Iñaki Sanz eta Aitor Garmendia saritu dituzte. Saridun guztiek 2.000 euroko ordaina eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.
“Artikulu osatua eta landua”. Elektroiekin dantzan nanoeskala argitzeko lanari esker lortu du saria Urbietak. Epaimahaiaren iritziz, “artikulu osatua eta landua” aurkeztu du, eta ondo azaltzen du zertan datzan tesia eta zer ondoriotara iritsi den bere ikerketan.
Doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluari dagokion sariaz gain, beste hainbat sari ere banatu dituzte. Judith Zubiak jaso du dibulgazio artikulu orokorraren saria, Garena egiten gaituena, egiten duguna idazteko artikuluagatik. Zientzia-kazetaritza kategorian, Dragoi txiki bat egongelako horman lana saritu dute, Iñaki Sanz Azkuerena. Neiker saria, lehen sektoreko lanei dagokiena, Aitor Garmendiarentzat izan da, Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean ekarpenagatik.
Sariez gain, 5.000 euroko dirulaguntza bat ere eman ohi du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurten, bi proiektuk jaso dute sorkuntza-beka, epaimahaiak beka ex aequo ematea erabaki baitu. Jon Sánchez Carrascoren Semiosi-genesi proiektua da sarituetako bat, eta bestea, Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren Ia dena lana.
Elhuyarren Merezimendu Saria, aldiz, Jacinto Iturbe Barrenetxeak jaso du euskara eta zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko egindako lan eskergagatik eta zientziaren dibulgazioan egindako ekarpen apartagatik.