Emanaldirako sarrera doakoa izango da eta dokumentala ikusi aurretik eta ondoren, dinamika eta solasaldi txiki bat ere egingo dute proiekzioa ikustera gerturatzen diren guztiekin.
2020an Tamara de Graciak, Maite Ezquerrok eta Javier Gonzalezek zuzendutako dokumentalak gutxi gorabehera ordubeteko iraupena duela esan dute aurkezpena antolatzeaz arduratu diren Deba-Itziarko Talde Feministak eta Mugarik Gabe gobernuz kanpoko elkarteak. Jakitera eman dutenez, lana euskaraz eta gaztelaniaz grabatuta dago eta azpitituluak ditu bi hizkuntzetan. “Beraz, ulergarria da pertsona ororentzat”.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, dokumentalak bizitza eta planeta zaintzeko gertuko aukerak erakusten ditu, trantsizio energetikoa, elikadura, ekonomia soziala eta ekonomia feministaren zaintzen ikuspegitik abiatuta. “Euskal Herriko hainbat leku zeharkatzen ditu, nekazaritzarekin, elikadurarekin, trantsizio energetikoarekin, zaintzarekin edo ekonomia sozial eta solidarioarekin lotutako ekimenak, alternatibak eta aukera berriak ezagutzeko; bizitza eta lurra benetan zaintzen duten ereduak, komunitateak edo herriak martxan jarritakoak”.
Gaineratu dutenez, “alternatiba ezberdinak eta bizi eta kontsumo aukera berriak” ezagutarazi nahi dituzte bertan; “hau da, beste bizimodu berri batera igarotzeko aukera berriak, etorkizuneko jendarte berriengana eramango gaituztenak, eta oraingoak baino justuagoak eta jasangarriagoak izan beharko direnak”.