Zer helbururekin jaio da Okerkale Irratia?
M.A.: Helburua podcastak grabatzeko espazio batsortzea izan da, gogoa duenak eskuragarri izan dezan. Bestela, helburu zehatzik ez dakit esaten, horrelako zerbait martxan jartzeko gogoa geneukan gutxi batzuen ideiatik sortu eta apurka-apurka handitzen joan da taldea, interes bera zuten edota ideia gustatu zaien kideak batu ahala.
Kultur Elkartearen erronka berria da, berria eta berritzailea. Aurrez antzeko jarduerarik izan al dainoiz elkartean?
L.G.: Nik 15 urte daramatzat Kultur Elkartean eta ordutik ez dut halako proiekturik ezagutu. Esan daiteke, orain artean, komunikabide moduan Deba aldizkaria dela Kultur Elkartearekin lotura duen aurrekari aipagarriena (Kultur Elkarteko webgunera ere aldizkariko artikuluak igotzen dira). Orain, gaur egungo moldeetara egokitutako proiektu hau abiarazidugu eta taldeak ilusioz diharduela dirudi.
“Okerkale Kultur Elkarteak abian dituen dinamika eta jarduera ezberdinen ahotsa izateko tresna egokia dela iruditzen zaigu”
Nolatan murgildu da elkartea halako proiektu batean?
L.G.: Proiektua martxan jartzeko ideia Kultur Elkarteko zuzendaritzaren bilera batean proposatu zen eta hasiera-hasieratik ideia ona iruditu zitzaigun guztioi. Horrela, elkarteko bazkideekin ere proposamena kontrastatu genuen urteko batzarrean. Proposamenak guztion babesa zuela ikusita, lanean hasi ginen. Gainera, elkarteko zuzendaritzako hainbat kide ere buru-belarri sartu dira proiektuan.
Azken hilabeteotan, elkartearen proiektua sendotze aldera, herritarren babesa eskatu duzue. Bazkide kanpaina, ekimen ezberdinak… nola uztartzen dira Kultur Elkartearen eta irrati proiektu berri honen dinamikak?
L.G.: Kultur Elkartean martxan jartzen diren dinamika guztietan herriko gainontzeko kultur taldeen zein norbanakoen parte-hartzea bilatzen dugu. Zentzu horretan, Okerkale Kultur Elkarteak abian dituen dinamika eta jarduera ezberdinen ahotsa izateko tresna egokia dela iruditzen zaigu.
Martxoaren amaieran zabaldu zenuten 0 programa. Aurrez, baina, lanean ibili zarete guztia prestatzen, ezta? Noiztik zabiltzate proiektuan murgilduta?
M.A.: Ba esango nuke konturatu orduko urtebete inguru izango dela bideari ekin genionetik. Ordutik, intentsitate ezberdineko aldiak izan ditu prozesuak, baina pausoka-pausoka interesdun ezberdinekin elkartu, Kultur Elkartearen babesa eta laguntza lortu, baliabideak eskuratu eta guztia prest utzi dugu.
Irratia dela diogu, baina ez da irrati formatu klasiko edo ohiko bat; podcast programaren aldeko apustua egin duzue Okerkalen. Zergatik? Zerk eraman zintuzten formatu berriagoa hautatzera?
M.A.: Garaiak aldatuz doaz eta, gaur egun, irratiaren antzeko formatua izan arren oinarrian zerikusi handirik ez duen formatu hau modan dago. Baliabide aldetik xumeagoa da (ez du emititzeko antenarik behar, adibidez), eta aukera malguagoak eskaintzen ditu (ordutegi zehatzik ez, saioen luzera zurrunik ere ez…).
L.G.: Gainera, edozein unetan entzun daiteke estudioan grabaturikoa eta Internetera sarbidea duen edozein lekutatik. Erosoagoa da, beraz, bai entzuleentzat eta baita sortzaileentzat ere.
“Orain arteko onarpena eta programak ekoizten hasteko abiadura uste baino handiagoa izan da”
Estudioa atondu duzue Kultur Elkarteko azken solairuan. Zer nolako lana ekarri du guztia prestatzeak?
M.A.: Agian, lana baino gehiago inbertsioa eskatu du. Bestela, lan handiena soinu ekipoaren eta audio ediziorako programaren funtzionamendua ikastea izan da. Guztia muntatzea ez da hainbeste kostatu.
Gutxieneko ezagutza bat beharko da halako espazio bat sortu ahal izateko… Maila teknikoan, esaterako, laguntzarik izan al duzue?
M.A.: Adituak eta ez hain adituak bertaratu dira laguntzera. Euren laguntzarik gabe ez dakit lortuko genukeen, baina prozesua luzatuko zela behintzat seguru. Beraz, hemendik eskerrak eman nahi dizkizuegu borondatez etorri zareten laguntzaileei.
Estudioak azpiegitura profesionala duela diozue. Nola finantzatu da estudio berriaren sorrera?
L.G.: Proiektu interesgarria zela ikusita, estudioa martxan jartzeko beharrezkoa zen materiala ordaindu du Kultur Elkarteak. Guztira 3.000 euro inguruko inbertsioa izan da.
Apirilaren 10ean bilera irekia egin zenuten, proiektua aurkeztu eta herritarrak bertan parte hartzera animatzeko. Nola joan zen aurkezpena? Pozik orain artean proiektuak izan duen harrerarekin?
M.A.: Ondo joan zen. Azalpen orokor bat eman eta instalazioak ikusi genituen. Orokorrean, proiektuaz gehiago jakin nahi zuen jendea etorri zen bilerara. Batzuk hurrengo egunean bertan grabatzen zebiltzan jada, bada zerbait egingo duela esan duenik eta besteren bat animatzea espero dugu… Orain arteko onarpena eta programak ekoizten hasteko abiadura uste baino handiagoa izan da.
Ilusioz ekin ohi zaie erronka berriei, baina zailtasunak ere izaten dira gero bidean. Etengabeko eraldaketa digitalean murgilduta gaude eta, besteak beste, aldakorrak dira modak ere. Zein izango da Okerkaleren biziraupena bermatuko duen gakoa?
M.A.: Bi gako aipatuko nituzke akaso: edukia ekoizten duten pertsonen konstantzia eta publikoarengan izan dezakeen oihartzuna.
Gaur-gaurkoz, zenbat lagun zabiltzate Okerkalen?
M.A.: Hamar bat eta hazten doa kopurua. Zaharrak, gazteak, beteranoagoak, zaletasun asko eta ezberdineko kideak gaude tartean.
Dagoeneko abian daude hainbat programa, ezta?
L.G.: Orain momentuan bost programa ezberdin daude martxan: La atalaya –Debako herriarekin lotutako historia eta gertakizunen bueltakoa–, Hi bai zu! umorezko programa, Suntsitu makina –rock-punk musikaren ingurukoa–, Mixterioaren ontzia –anekdota ezberdinei buruzko solasaldiak biltzen dituena–, eta Dabilen harria elkarrizketa programa.
Zer nolako edukiekin elikatuko da Okerkale? Gaiei dagokienean, adibidez, edonolakoak izan daitezke podcastak? Ala irizpide zehatzak daude arlo horretan?
M.A.: Edukien kontua irekia dago parte hartzaileen interesetara. Ez dago irizpide mugatzailerik, azpimarratu beharrekorik ez, bederen.
“Edukien kontua irekia dago parte hartzaileen interesetara. Ez dago irizpide mugatzailerik ”
Eta ba al dago kontuan hartu beharreko bestelako baldintza edo jarraibiderik? Saioen hizkuntza, irau-pena, maiztasuna… eta halakoei dagokienean?
M.A.: Oraingoz ez dago aparteko jarraibiderik arlo horietan. Hizkuntzari dagokionean, adibidez, norberak aukeratzen du nola jardun; orain arte egin diren saio gehienak (bostetik lau) euskaraz egin dira, baina norbere aukera izan da. Gauza bera esan genezake saioen iraupenaz eta maiztasunaz ere; erregulartasun pixka bat eskatzen da, batez ere saio asko grabatuko dituzten programetan, baina orokorrean partaideek erabakitzen dute zenbat saio grabatu, zenbateko maiztasunarekin, eta zenbat iraungo duen saio bakoitzak ere bai. Kontuan izan behar den kontu bakarra grabazio estudio bakarra dagoela eta, beraz, ezin direla bi saio aldi berean grabatu. Gainerakoan, dinamika aurrera joan ahala zehaztu beharko dira bestelako gauza batzuk, hala nola bilerak, komunikazio kanalak, ardurak eta hauen banaketa…
Proiektu irekia dela nabarmendu duzue. Oro har, zer egin behar da bertan parte hartu ahal izateko?
L.G.: Kultur Elkartean martxan jartzen ditugun proiektu guztiak daude parte hartu nahi duen edonori irekita. Zentzu horretan, programa bat grabatu, estudio berria ezagutu edo bestelako ekimenen bat egin nahi dutenak gurekin jar daitezke zuzenean harremanetan, ostolazadeba@gmail.com edo okerkale@gmail.com posta elektronikoetara mezu bat bidalita, adibidez. Bestalde, saio bat grabatzeko berez ez da beharrezkoa jakintza berezirik izatea. Gainera, kontu teknikoetan lagundu eta arlo horretan dakitena irakasteko prest dauden gazte boluntario batzuk ere badaude.
Noiz eta nola entzun daitezke saioak?
L.G.: Saioak Internet bidez entzuten dira, mugikorretik edo ordenagailutik. Okerkale Irratiaren Youtube, Spotify eta Ivoox kanaletara igotzen dira eduki guztiak. Programa bat sortzen denean, gainera, Kultur Elkarteko sare sozialetan partekatzen da.
Zeintzuk dira aurrera begirako erronkak?
M.A.: Ba agian gaitasun teknikoak hobetzea, jende gehiago batzea eta funtzionamendua formalizatuz joatea. Eta epe luzera begira, proiektuaren jarraipena bera.