Debako Udalak eta Hezten aisialdi hezitzaile euskaltzalean lan egiten duen elkarteak jakitera eman dutenez, maiatzean ere jarraipena izango du kaleetan eta parkean euskararen erabilera handitzea helburu duen Bastiñuixan egitasmoak. Antolatzaileek zehaztu dutenez, maiatzeko lau astearteetan izango dira hitzorduak; maiatzaren 9an, 16an, 23an eta 30ean, hain zuzen.
Aurrekoetan egindako modura, saioak zumardiko kioskoan (euria bada, Ifar kaleko ikastetxeko patioan) egingo dituzte. Oraingoan ere bi programa eskainiko dira egitasmoaren baitan, haurrek eta gurasoek elkarrekin gozatzeko eta jolas zein kantu berriak ikasteko aukera izan dezaten: Zabu Zibu (3 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat) eta Txirrintxon (6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat). Zabu Zibu programako saioak 16:30etik 17:30era bitartean egingo dituzte eta Txirrintxon programakoak, berriz, 17:30etik 18:30era.