Talde txiki bat osatzeko gutxiengo kopurua batzen baldin bada, ikastaroa maiatzaren 18an abiatuko dutela esan dute Iruleak Emakume Pilotariak elkarteko kideek. Egutegia eta ordutegia zehaztuta daude dagoeneko. Iragarri dutenez, ordu eta erdiko lau saio egingo dituzte; ostegunetan burutuko dituzte guztiak, maiatzaren 18 eta 25ean eta ekainaren 1 eta 8an, 17:00etatik 18:30era, Aldats pilotalekuan.
Aditu baten gidaritzapean, eta jolas ezberdinen bitartez, palan jokatzeko teknikak bereganatuko dituzte ikastaroan izena ematen dutenek. Taldetan banatuta, teniseko eta gomazko pilotarekin ariko direla aurreratu dute. “Lehenengo bi saioetan teniseko pilotarekin ibiliko dira, esku pixka bat hartu arte. Azken bi saioetan, berriz, gomazko pilotarekin probatzen hastea da asmoa”.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, emakumeen artean pala zaletasuna zabaltzea da ikastaroaren helburu nagusia. Arrazoi horregatik, herriko emakume guztiak ikastaroan parte hartzera gonbidatu dituzte. “Gure asmoa da emakumeak palan jokatzera animatzea eta palarako zaletasuna sortzea”, gaineratu dute. Batez ere, gazteenengan jarri nahi izan dute arreta. “Gazteenek frontoirako ohitura hartzea da beste asmoetako bat. Ea poliki-poliki gurekin jokatzen hasten diren”.
Nahi duten guztiak oraindik ere izena emateko garaiz dabiltzala diote Iruleak elkarteko kideek. Horretarako azken eguna ostirala (maiatzak 12) dela gogorarazi dute. Parte hartzeko interesa dutenek 685 75 50 74 telefono zenbakira deitu edo mezu bat bidalita izena eman dezakete. Ikastaroaren matrikula 10 eurokoa da.
Hori bai, talde bat osatzeko gutxiengoa ez bada betetzen, ikastaroa ez dela egingo ere ohartarazi dute. “Egia esan, ikasturtea bukatzear dagoela, jendearen interesa piztea ez da erraza izaten. Hori dela eta, lau saioko ikastaro motz bat antolatzea erabaki dugu”.