Lehertzear da Debarren Eguna

Berriketan 2023ko mai. 19a, 13:28

Egun handia igandea (maiatzak 21) izango bada ere, ostiraletik (maiatzak 19) aurrera ere zer ospatu egongo da.

Maiatzeko hirugarren asteburua heldu da eta, horrekin batera, herritarrek hainbeste maite duten jaietako bat ere: Debarren Eguna. Egun handia igandean (maiatzak 21) ospatuko bada ere, musikak, dantzak edota kirolak zipriztindutako asteburu osoko egitarau oparoa prestatu dute Debako Udalak eta herriko hainbat eragilek elkarlanean.

Egitaraua gaur (maiatzak 19) bertan hasiko da bidea egiten, Kolore Anitz Aisialdi Taldeak antolatu duen erraldoiak eta buruhandiak sortzeko tailerrarekin. Antolatzaileek aurreratu dutenez, HH4 eta LH6ra bitarteko haurrak izango dira aurtengo lehenengo ekintzako protagonistak. Parte hartzeko interesa dutenei kartoizko kaxa bat (zapata kaxa bat ere izan daiteke) eta mantala ekartzeko eskatu diete. “Etorri denok. Arratsaldea primeran igaroko dugu”. Iluntze eta gau aldera, berriz, Kalean Kantuzeko abesti herrikoiekin eta Debako Musika Bandak prestatu duen errepertorio bereziarekin gozatzeko aukera izango da.

[Ikusi hemen iazko Debarren Eguneko ARGAZKI GALERIA]

Biharko (maiatzak 20) ere ekintza ugari antolatu dituzte. Egunari hasiera 30. Haur Margo lehiaketarekin emango diote eta, ondoren, Mikel Goñi pilotari ezagunaren frontoietako agurraz gozatzeko aukera egongo da Aldats pilotalekuan. Musikak ere leku nabarmena izango du biharko egitarauan. Banda Gaztekoak eta Debako Gaiteroak kaleak alaitzen ariko dira eguerdian eta, iluntzean, berriz, Debako Musika Bandak kaleak girotzeko txanda izango da.

Erraldoien konpartsen desfilea eta alardea izango dira Debarren Eguneko beste protagonistetako batzuk

Eguna Akerbeltz taldearen erromeriarekin agurtu dute, baina, aurretik, bestelako ekintzak ere egingo dituzte. Arratsaldean, esaterako, Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren finala lehiatuko dute zumardian; Mutriku, Akelarre, Goiherri eta Gaztedi Ak eta Bk parte hartuko dute 680 kiloko finalean. Ondoren, eskorgarekin entzierroa eta buruhandien kalejira egingo dute.

Igandean (maiatzak 21), berriz, Lizarra gaiteroak goiz-goizetik hasiko dira herria esnatzen eta horren ondoren, entzierroa eta sokamuturra egingo dira. Goizean, gainera, meza izango da San Roke ermitan eta, ohitura legez, ezpata dantza egingo dute. Ordu horretan herrigunetik dabiltzanek, berriz, herriko elkarteek eskainiko dute salda beroa eta txorizo egosia dastatzeko aukera izango dute Foruen Plazan.

[Ikusi hemen iazko Debarren Eguneko ARGAZKI GALERIA]

Erraldoien konpartsen desfilea eta alardea izango dira Debarren Eguneko beste protagonistetako batzuk. Euskal Herriko hainbat tokitako erraldoien konpartsen kalejira izango da. Udal iturriek aurreratu dutenez, bost talde izango dira aurten: Debako, Oronoz-Mugaire, Iruñeko Buztin Zuri, Gasteizko Arai eta Txantreako (Iruñea) erraldoi konpartsek parte hartuko dute aurtengo ospakizunean. Aurreikusitako ekintzen artean, Gure Kai dantza taldeak eskainitako aurreskua, haur margo lehiaketaren sari banaketa eta erromeria Gau-Argi taldearekin ere egingo dira.

EGITARAUA

  • Maiatzak 19, ostirala
    • 18:00-20:00. Kolore Anitzen eskutik, erraldoiak eta buruhandiak sortzeko tailerra, Plaza Zaharrean. (Euria eginez gero, estalitako pasealekuan egingo da ekintza).
    • 19:30. Kalean kantuz.
    • 22:00. Debako Musika Bandaren kontzertua, Santa Maria elizako klaustroan.
  • Maiatzak 20, larunbata
    • 09:30-10:30. Haur margo lehiaketarako izen ematea, udaletxe azpian.
    • 11:30. Mikel Goñiren frontoietako agurra, Aldats pilotalekuan.
    • 13:00. Banda Gaztearen kalejira.
    • 13:30. Bandako Gaiteroen kalejira.
    • 17:00. Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren 680 kiloko finala, zumardian.
    • 17:30. Eskorgekin entzierroa eta buruhandiak.
    • 19:00. Debako Musika Banda, kalerik kale.
    • 23:00. Erromeria Akerbeltz taldearekin, Foruen Plazan.
  • Maiatzak 21, igandea. Debarren Eguna
    • 08:00. Diana, Lizarrako gaiteroekin.
    • 08:30. Entzierroa eta sokamuturra.
    • 11:00. Meza nagusiaren ondoren, ezpata dantza, San Roke ermitan.
    • Ordu berean. Herriko elkarteek eskainitako salda eta txorizoa, Foruen Plazan.
    • 11:45. Erraldoien konpartsen desfilea.
    • 13:00. Gure Kai dantza taldearen eskutik, aurreskua, Foruen Plazan.
    • 17:00. Haur margo lehiaketaren sari banaketa, Kultur Elkarteko areto nagusian.
    • 18:00. Erraldoien alardea, Plaza Zaharrean.
    • 19:00. Erromeria Gau-Argi taldearekin, Foruen Plazan.