Musika Bulegoak zehaztu du aurten emandako hamar sarien artean ez dagoela inolako mailakatzerik. Edonola ere, denak ez dira modu berean esleitu: zortzi irabazle epaimahaiak izendatu ditu; bat, Etxepare Institutuak, eta ohorezko saria Musika Bulegoa elkarteko zuzendaritza batzordearen eskutik banatu dute.
Sariak esleitzeko, Euskal Herriko artista eta taldeek iaz sortutako 120 musika-proiektu eta proposamen aztertu ditu musikagintzan aditu eta arituak diren zortzi pertsonak osatutako epaimahaiak. Hain zuzen, zortzi sari ebatzi ditu aditu-talde honek. Hala, sarien zazpigarren edizio honetako saridunak hauexek izan dira: Merina Gris, Su ta Gar, Neomak, MICE, Ines Osinaga, Teresa Catalán, Enrike Solinís eta Elena Setién.
Etxepare Euskal Institutuak, berriz, euskal musika mugaz kanpo, nazioartera, zabaltzeko egindako lana aitortu ohi du urtero. Bada, aurten, Oreka TX taldeak jaso du errekonozimendu hori.
Aipatutako bederatzi proiektu hauetako bakoitzak 2.000 euroko diru-saria eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bana jaso du.
Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteko zuzendaritza-batzordeak, halaber, ohorezko sari berezia ere eman ohi du urtero. Aurten, Kepa Junkera aitortu du, “euskal kultura eta euskara nazioartera modu berritzailean eramateagatik, trikitixa erritmo, instrumentu eta estilo berrietara egokituz”.
Musika Bulegoaren VI. Sarietan aitortza jaso duten lanen %70 izan dira euskarazkoak. Genero ikuspegiari dagokionean, aurten saritu diren lanen %42a emakumeek gidatuak izan dira.
Epaimahaiaren balorazioa. Tradizioa eta berrikuntza uztartuz, iazko udazkenean plazaratu zuen Neomak-ek taldearen izen bera daraman lehenbiziko diskoa, zazpi kanta propiok osatutakoa.
Musika Bulegoa Sarietako epaimahaiak nabarmendu duenez, “folk musika eta bere tradizioa ikus-entzulego gaztearengana eraman dituzte, errespetu osoz elektronikarekin uztartuta. Diskoak nahiz zuzeneko kontzertuek interpretazio, indar eta eszenaratze bikain eta boteretsuak dituzte. Emakumeen presentzia ere erabatekoa da”.