Kanpaina bultzatu dutenen iritziz, azpiegitura ez dago egoera onenean. “Zorua oso hondatuta eta labain dago. Are gehiago, erabat segurua ere ez da une honetan. Aurrekontua egin ahal izateko zorua zulatu egin behar izan zuten eta, harrezkero, ez da ondo geratu”.
Herrian tenisa “modu ludikoan zein maila altuagoetan lantzeko aukera” izatea beharrezkoa dela ere gogorarazi dute. “Herrian tenisean dabiltzan 90 haur inguru daude, baina kopuru hori hazi egiten da uda garaian”. Horregatik guztiagatik hobekuntzak ahalik eta lasterren egitea eskatu dute. “Bost haur, esaterako, Azpeitian entrenatu behar izaten dira astero-astero, herriko pistak horretarako egokiak ez direlako. Une honetan horixe da maila altuagoan entrenatu eta trebatzeko aukera bakarra”.
Maiatzaren hasieran eman zioten hasiera kanpainari eta bilketa “ondo” doala azaldu dute. Sinatu nahi dutenentzat honako tokietan utzi dituzte inprimakiak: Albizu harategian eta Sasoiko ekodendan.