Azkenaldian zenbait komunikabidetan ateratako berriek alarmak piztu badituzte ere, sorospen zerbitzua bermatuta egongo dela azpimarratu du Debako Udalak. Hala, Santiago eta Lapari hondartzetan zaintza, salbamendua, laguntza eta aniztasun funtzional fisikoa duten pertsonentzako bainu lagunduen zerbitzua ekainaren 15etik irailaren 15era arte ziurtatuta egongo dela jakitera eman du. Zehaztu dutenez, azken udetan zerbitzua eman duen Ebone-Jaso enpresak emango du aurten ere zerbitzua.
Azaldu dutenez, ohiko prozedurari jarraituz, deialdi publikoa jarri zuten abian. Baina diotenez, kontratua esleitu gabe geratu zen, ez zelako enpresa bakar bat ere aurkeztu. “Maiatzaren 11n amaitu zen proposamenak aurkezteko epea eta enpresarik aurkeztu ez zenez, esleitu gabe geratu zen”. Egoera horren aurrean, udal ordezkariek hainbat aukera aztertu zituzten eta, azkenean, inguruan lan egiten duten sektoreko bi enpresari proposamenak aurkezteko eskatu zieten.
Gaineratu dutenez, proposamena egin zitzaion enpresetako bat, Ebone-Jaso, aurkeztu zen aparteko deialdira, eta haren eskaria onartzea adostu dute. “Udalean eskaera eta aukera ezberdinak aztertuta, erabaki da langileen baldintzak hobetzeko egiten diren eskaerak aintzat hartzea eta onartzea”. Beraz, ekainaren 15ean abiatuko den hondartza denboraldia “normaltasunez” hasiko dela iragarri dute.