Erraketistei buruzko liburua aurkeztuko dute Kultur Elkartean

Berriketan 2023ko eka. 7a, 13:29

Olatz Gonzalez Abrisketa EHUko irakasle eta antropologoak ostegunean (ekainak 8) aurkeztuko du Raquetistas. Gloria, represión y olvido de las pelotaris profesionales liburua; 19:00etan jarri dute hitzordua.

Kultur Elkarteak eta Iruleak Emakume Pilotariak elkarteak antolatu dute saioa eta, zehaztu dutenez, ahanzturan eroritako erraketistei buruz ariko da Olatz Gonzalez Abrisketa. Besteak beste, Deban eta, oro har, eskualdean sekulako ospea izan zuten emakume kirolari haiei buruz jardungo dela iragarri dute antolatzaileek. “Datu benetan interesgarriak eskaintzen dituen liburua da, tartean, debar batena baino gehiagorena. Zatoz horiek ezagutzera!”.

Egileak aurreratu duenez, liburuaren aurkezpena hitzaldi eran landuko du. “Irudiak erabilita, jarraian azalduko ditut ikerketaren xedeak eta erraketisten historia. Aurkezpenaren erritmoa, egia esan, irudiek ezarriko dute”. Irudi horien artean Debako Euskal Jolas frontoian ateratako argazki bat azpimarratu nahi izan du egileak. “Erraketistei buruz daukagun lehen argazkia, hain zuzen, Debako frontoian ateratakoa da; 1915. urtean atera zuen Indalecio Ojangurenek”.

Kirol arloan, oso bestelakoa izan zen fenomenoa izan zen erraketistena. Emakume aitzindari haien ibilbidea XIX. amaieran hasi zen eta, sei hamarkadatan jarraian, kirola ez zela guztiz gizonen esparrua erakutsi zuten. Egileak aitortu duenez, erraketisten “gainbehera” horretan frankismoak eragin handia eduki zuen. “Gaur egun kirolaz dugun iruditegia osatzeko Bigarren Mundu Gerra oso garrantzitsua izan zen. Futbolaren hegemonia, nagusitasuna, osatu zen, antolamendu geopolitikoa hobekien adierazten zuen kirola izan zelako, eta emakumeak kirol arlotik desagertu ziren”.

Gonzalezek azaldu duenez, hainbat urte eman ditu liburua osatzen. “Nire lehenengo artikulu akademikoa erraketistei buruzkoa izan zen. 1998. urtean idatzi nuen artikulu hura, baina, garai hartan erraketista ohiek ez zuten gaiari buruz hitz egin nahi. Estigmak oraindik ere pisu handia zuen, eta beste gauza batzuekin hasi nintzen. Hori bai, beti eduki izan dut karpeta bat irekita, fenomeno honi buruz agertzen zen guztia jasotzeko”. Liburuaren gaia iaz berreskuratu zuela dio. “Valentziako bi ikerlarik gauza bat eskatu zidaten; idazten hasi eta hortik atera zen liburua”.

(Argazkia: etakitto.eus)