Zientzia biziki maite du Mattin Urbietak. Fisikan doktorea da eta, bere iritziz, “natura ikusteko, ulertzeko, leiho bat, tresna bat” da fisika; horregatik erabaki zuen zientzia alor horretan murgiltzea. Gaur egun, EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan ari da lanean, Eibarko eta Donostiako egoitzetan, eta libre dituen tarteetan materia eta argiaren arteko elkarrekintza ikertzen duen nanofotonika arloan sakontzen dihardu, “hein handi batean, tesi garaian hasi eta bidean gelditu ziren zenbait kontu amaitu nahian”. Bere ibilbideaz eta irabazi duen sariaz galdezka joan zaio Berriketan.
CAF-Elhuyar saria jaso berri duzu. Espero al zenuen?
Esperantza banuen, baina irabaztea espero nuela esatea gehiegitxo da. Aurreko urteetako artikuluen maila oso altua zen, eta haien mailara iristea ez zen erraza. Ez dakit lortu dudan, baina epaimahaiari, behintzat, saritzeko moduko artikulua iruditu zaio.
Halako aintzatespen bat jasotzeak zer garrantzi du zuretzat eta, bereziki, zure ibilbidearentzat?
Pertsonalki ilusioz eta poztasunez hartu nuen berria. Pizgarri bat izan da eta motibazioz bete nau. Ibilbideari dagokionean, ikerkuntzan pisu handiena artikulu zientifikoek edota teknikoek izaten dute eta, beraz, halako sari bat lortzea ederra izan arren, gauzak ez dira gauetik egunera aldatuko. Dena den, hausnarketarako aitzakia eman dit. Edonola ere, lanean jarraitu behar dut.
Zergatik erabaki zenuen zure lana CAF-Elhuyar sarietara aurkeztea?
Egia esan, arrazoi ezberdinak daude tartean. Baina, nagusiki, erronka moduan hartu nuen. Izan ere, behin baino gehiagotan suertatu zait tesian ikertutako gaia inguruko norbaiti azaldu behar izatea. Bestalde, Aitor Urbieta nire lehengusuak duela hamabost urte irabazi zuen sari bera eta artikulu hari esker ulertu nuen, 15 urterekin, zein zen bere tesiaren funtsa.
“Kontzeptuak zentzua galtzeraino sinplifikatu gabe, baina modu ulerterrazean idaztea izan da erronka nagusia”
Elektroiekin dantzan nanoeskala argitzeko lana da saritu dutena. Labur-labur azalduko al zeniguke zertan datzan?
Saiatuko naiz. Funtsean, mikroskopio tradizionalak erabiliz bereizi daitezkeen xehetasun edo objektu txikienek ehunka nanometro dituzte: ezin ditzakegu gauza txikiagoak ikusi, ez honela behintzat. Gauza txikiagoak ikusteko, argia konfinatu edo lokalizatu behar dugu eskala nanometrikoan. Nire tesian ikusi dudanez, plasmoiak eta tximistorratz efektua konbinatuz (zer diren jakiteko, onena artikulua irakurtzea), argia nanometroz azpiko eskalan lokalizatu dezakegu, atomoen eskalan materia aztertzeko. Bereziki, hori posible egiten duten efektuen garrantzia eta eredu ezberdinen mugak aztertu ditut, simulazioen bidez.
Artikulu “osatua eta landua” aurkeztu duzula adierazi du epaimahaiak. Erraza izan al da artikulu batean tesia zertan datzan eta zure ikerketan zer ondoriotara iritsi zaren era laburtuan, osatuan eta ulerterrazean azaltzea? Eta hori euskaraz egitea?
Bere zailtasuna izan du. Arlo bakoitzak bere hiztegia du, egunerokotasunean darabilguna baino zehatzagoa eta teknikoagoa. Hiztegi tekniko hori erabili gabe zenbait kontzeptu azaltzea zaildu egiten da eta, irakurleak ez badu gaiaren aurretiazko ezagutzarik, kontzeptu batzuk azaltzea ia ezinezko bihurtzen da. Beraz, kontzeptuak zentzua galtzeraino sinplifikatu gabe, baina modu ulerterrazean idaztea izan da erronka nagusia. Irakurleek esan beharko dute lortu dudan, irakurri ondoren.
Zientzia gizarteratzea izan ohi da dibulgazio lanen helburu nagusia. Arlo hori euskaraz jorratzea garrantzitsua dela uste duzu?
Bai, oso garrantzitsua da, dudarik gabe. Jendeari, ulertu zaitzan, bere hizkuntzan hitz egin behar diozu. Ez hori bakarrik, euskaraz bizi nahi baldin badugu, zientzia ere euskaraz bizi behar dugu.
Zergatik hautatu zenuen nanofotonika doktore tesia egiterakoan?
Egia esan, master amaierako lanarekin barneratu nintzen gai honetan eta, gustatu zitzaidanez, tesiarekin jarraitzea erabaki nuen.
“Tesia idazten zazpi bat hilabete eman ditut. Tesirako emaitzak lortzen, simulazioak eta bestelako lanak egiten, ordea, bost urte pasatxo“
Zer arlotan aplikatu daiteke? Eta zer helbururekin?
Aplikazio ugari ditu nanoplasmonikak. Medikuntzan, adibidez, zenbait minbiziren detekziorako eta tratamendurako nanopartikula plasmonikoak erabiltzen hasiak dira. Energia fotovoltaikoaren kasuan, eguzki-plaken errendimendua handitzeko ere erabiltzen dira. Substantzien detekziora bideratutako sentsoreak egiteko, sistema optikoak eta teknologia kuantikoak garatzeko… aplikazio errealen eta posibleen zerrenda nahiko luzea da.
Zenbat denbora behar izan zenuen jatorrizko tesia idatzi eta ondorioak ateratzeko? Dibulgazio lan hau idaztea, aldiz, errazagoa izan al da?
Tesia idazten zazpi bat hilabete eman ditut. Tesirako emaitzak lortzen, simulazioak eta bestelako lanak egiten, ordea, bost urte pasatxo. Nahiko luze joan zen, egia esan. Dibulgazio artikuluak dezente gutxiago behar izan du idazketa aldetik, pare bat asteko kontua izan da, nahiz eta ideiak askoz lehenagotik joan diren ontzen.
Fisikari moduan nanoteknologia/nanozientzia alorrean espezializatu zinen. Zergatik zehazki?
Bai, EHUko Nanozientzia eta Nanoteknologia Masterra egin nuen, eta ondoren doktoretza nanofotonikan egin dut, nanoplasmonikan, zehazkiago. Egia esan, bizitzan une zehatz batean hartu behar izaten diren erabaki horietako baten ondorio izan zen master hori egitea. Horrek Javier Aizpuruak zuzendutako Theory of Nanophotonics ikerketa-taldean doktoretza tesia egiteko ateak ireki zizkidan.
“Ikerketan soilik jardun nahi bada, ez nuke esango ezinbesteko baldintza denik kanpora joatea, baina hori egin gabe nahiko konplikatua izaten da bide hori urratzea“
Nola azalduko zenuke zer den hainbeste entzuten den nanoteknologia/nanozientzia?
Nanozientzia txikitasunaren ikerketa edo ezagutza da. Zer da txikitasuna guretzat? Atomoen eta molekulen eskala. Nanoeskalan, materiaren portaera ez da makroeskalan, hau da, begi hutsez ikusteko gai garen eskalan duenaren berdina. Nanoeskalan fenomeno berri eta interesgarriak agertzen dira, eta horiek erabili ditzakegu teknologia berriak garatzeko.
Irakaslea zara EHUn, baina ikerlaria ere bai, ezta? Zer arlotan aritzen zara?
Fisika irakasten dut EHUko hainbat ingeniaritza gradutan. Ikerketari dagokionean, nanofotonikan jarraitzen dut ikertzen, eskola orduek uzten didaten heinean.
Eta nola uztartzen dira ikerketa eta irakaskuntza? Proiekturen bat ikertzen ari al zara uneotan?
Ahal bezala. Eskola ordu gutxiago ditudan garaiak ikerketarako aprobetxatzen saiatzen naiz. Tesi garaian hasi eta bidean gelditu ziren zenbait kontu amaitu nahian nabil.
Houstoneko Rice University-n ere egon zinen zenbait hilabetez doktoretzako ikerketa egiten. Zer nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia aberasgarria izan zen. Lan egiteko beste dinamika batzuk, jende interesgarria eta ideia berritzaileak ezagutzeko aukera izan nuen. Oso ongi hartu ninduten. Lanerako baliabide pila bat dituzte, eta hori agerikoa da. Bizimoduari dagokionean, hemengoarekin gelditzen naiz, dudarik gabe, han lanerako soilik bizi direla baitirudi.
Erraza al da ikertzaile lanetan bertan jardutea? Ala kanpora joatera “behartuta” sentitzen zarete? Gaur egun, nola dago panorama?
Erraza, behintzat, ez da; etengabeko lasterketa bat da. Oro har, egonkortze prozesua luze joaten da. Ikerketan soilik jardun nahi bada, ez nuke esango ezinbesteko baldintza denik kanpora joatea, baina hori egin gabe nahiko konplikatua izaten da bide hori urratzea.
Betidanik izan duzu argi fisika munduan jardun nahi zenuela?
Esango nuke batxilergoa egiten hasi nintzenerako nahiko argi nuela nondik nahi nuen jo, nahiz eta banituen beste interes batzuk ere, historia adibidez. Azkenean fisika gailendu zen, akaso naturaren oinarrizko fenomenoak aztertzen dituelako.
“Esango nuke umetatik hasi behar garela kultura zientifikoa eta, oro har, kultura eta ezagutzarekiko interesaren hazia ereiten”
Zer da fisika zuretzat? Zergatik gustatzen zaizu zientzialari izatea?
Natura ikusteko, ulertzeko, leiho bat, tresna bat da fisika niretzat. Zientzialari izatea, ordea, arlo ezberdinak ulertzeko tresnak ematen didalako gustatzen zait.
Zientzia herritarrengandik urrun dagoela esan ohi da. Zer egin daiteke gizartearen eta zientziaren arteko muga hori lausotzeko?
Kultura zientifikoa lantzea izango litzateke nire ustez biderik zuzenena. Hau esatea, ordea, egitea baino errazagoa da. Zientziaren dibulgazioa ezinbestekoa da horretarako, baina tamalez ez zaio merezi duen balioa ematen. Dena den, dibulgazioak ere baditu bere mugak. Zientzian interesik ez duen pertsona batengana modu honetan iristea nahiko zaila da. Pertsona batentzat gai bat arrotza baldin bada, nola piztu bere interesa? Esango nuke umetatik hasi behar garela kultura zientifikoa eta, oro har, kultura eta ezagutzarekiko interesaren hazia ereiten eta, hurrengo urteetan, interes hori elikatzen. Tamalez, azkenaldian badira kontrako noranzkoan hartutako erabaki ulertezinak, Eureka Zientzia Museoaren itxiera, esaterako. Ea buelta ematen diogun joera horri.