Maider Oleagaren Irrits, Eduardo Wahrhaftig-en Dating Internet strangers, Marta Nietoren Son, Alejandra Buenoren Ezohikoak, Raul Barrerasen Arnasa eta Isa Luengoren zein Sofia Esteveren Perpetua felicidad dira igandean, ekainaren 11n, Kultur Elkartean proiektatuko diren film laburrak. LGTBIQ+ kolektiboaren inguruko gai desberdinetan eta horien sentsibilizazioan sakontzea eta hausnarketa sustatzea dute xede ikus-entzunezkoek.
Debako Udalak azaldu bezalaxe, Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren (maiatzak 17) eta LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren (ekainak 28) harira antolatu da emanaldia.
Egun gutxi falta dira Zinegoak jaialdiaren 20. urteurrena betetzeko; ekainaren 26tik uztailaren 1era bitartean ospatuko da aurtengo hitzordua. Aurrez, baina, Zinegoak “ibiltaria” Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 50 herritan egongo da, tartean Deban, eta Zinegoak 2023rako hautatutako lan batzuk zuzenean ikusteko aukera izango dute emanaldietara hurbiltzen diren herritarrek.