Elgoibarko Aita Agirre Kulturgunean egin zuten, ekainaren 2an, sari banaketa ekitaldia. Bertan izan ziren Elgoibarko alkate Ane Beitia, Ibon Serrano Ideko enpresako ordezkaria eta erronkako epaimahaikidea, eta Aintzane Azumendi eta Jose Gutierrez, IMH Campuseko ordezkari gisa eta epaimahaikide lanetan jardundakoak hauek ere. Ekitaldia Niala Magoak gidatu zuen eta sariak banatzen ziren bitartean zientzia eta teknologiarekin lotutako magia trukoak egin zituen.
Honako hauek izan dira aurtengo erronkako irabazleak:
- LH 3-4: Elgoibar Ikastola LH4- Hiri maketa
- LH5-6: Luzaro HLHI LH6- Poliedroak lantzen
- DBH 1-4: Mutriku DBH3- Meategia
Antolatzaileen esanetan, aurten ere arrakasta “itzela” izan du Steam ekitaldiak eskualde osoan. Eta eskerrak eman dizkiete ekimenean parte hartu duten ikasleei, prozesuan erakutsitako “gogo eta kemenagatik”, eta epaimahaikideei, egindako lanagatik eta Steam arloen balioa azpimarratzen laguntzeagatik.
Debabarrena We Make! STEAM Erronka. Eskualdeko ikastetxeek ikasturtean Zientziaren eta Teknologiaren esparruan egindako proiektuak biltzen ditu erronkak. Ekimenaren helburua da ikasle eta zentroek STEAM bokazioak sustatzeko egiten duten ahalegina erakustea eta STEAM hezkuntzaren garrantzia nabarmentzea.
Aurten ere, bi irizpide erabili dira irabazlea aukeratzeko, eta horietako bakoitzak % 50eko pisua izan du sariaren azken puntuazioan. Batetik, bideoen ikustaldiak zenbatu dira eta, bestetik, epaimahai batek hautatu ditu kategoria bakoitzean irabazleak, irizpide zehatz batzuk kontuan hartuta.
Guztira 27 esperimentu aurkeztu dira, iaz baino bederatzi gehiago, eta eskualdeko 11 ikastetxetan sortuak izan dira: Debako Luzaro HLHI, Mutriku BHI, Elgoibar BHI, Elgoibarko Herri Eskola, Elgoibar Ikastola, Ermuko Anaitasuna Ikastola, Mutrikuko Goizeko Izarra Ikastola, Amaña LH, Arrateko Andra Mari, Samila Mutriku, eta Eibarko La Salle Azitain eskola.