Europako Batzordeak eta Europa Nostra erakundeak Ondarearen Europako Sariaren eta Europa Nostra Sariaren irabazleak iragarri dituzte gaur (ekainak 13). 2002an sortutako sariek, zehazki, ondarearen arloko proiektu, ekimen eta pertsona adierazgarrienen lanak aitortzen dituzte urtero, eta aurten 21 herrialdetako 30 proiektu saritu dituzte.
Saritutako horien artean dago Deba eta Mutriku batzen dituen oinezkoen zubiaren birgaitzea; kontserbazio eta berrerabilpen moldagarria deritzon bederatzi sarietako bat eskaini diote. Epaimahaiak azpimarratu du “ingeniaritza zibilaren adibide bikaina” dela XIX. mendeko harrizko zubiaren birgaitzea. “Ahaztutako materialei eta teknikei buruzko ikerketa historiko zabala behar izan zen, eta diziplinarteko lankidetza teknikoaz baliatu”.
Aurtengo sariak irailaren 28an banatuko dituzte, Veneziako (Italia) Palazzo del Cinema jauregian egingo den ekitaldian. Bertan, gainera, aurtengo irabazleen artean aukeratutako Grand Prix eta Publikoaren Sariaren irabazleak ere iragarriko dituzte. Azken sari hori, hain zuzen, herritarrek aukeratu ahal izango dute, aurtengo irabazleen artean. Deba-Mutrikuko zubiaren birgaitzeak, beraz, beste 10.000 euroko saria irabazteko aukera izango du. Interesatuek honako estekan sartuta eman dezakete botoa.