Diversidad morfológica de las neuronas humanas lanarekin eskuratu du Maddi Astigarragak epaimahaiak aurten banatutako sari nagusietako bat, Cajal Urtea kategoriari dagokiona, hain justu. Marina Lezcano Herreraren El solsticio de invierno en los dólmenes de Sedano y Las Loras lana saritu dute Ilustrazio Zientifikoaren kategorian, eta Denitsa Penevaren Dormice of Europe (Gliridae) lana, aldiz, Ilustrazio Naturalista deritzon sailean. 1.000 euroko saria eman diote irabazle bakoitzari.
Aipatutako hiru sari nagusi horiez gain, beste hiru ilustraziori aipamen berezia egin die epaimahaiak eta publikoak hautatu du beste lanetako bat, boto bidez.
Iaz lllustraciencia sarietara aurkeztu eta 40 lagunen artean finalista hautatu zuten Maddi Astigarraga Bergara. Aurtengo deialdian, hortaz, pauso bat harago joatea lortu du ilustratzaile zientifiko debarrak, finalista izatetik sari nagusietako baten jabe izatera pasata.
500dik gora ilustrazio lehian. Illustraciencia Espainiako CSIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiaren eta Natur Zientzien Museo Nazionalaren ekimenez antolatzen da, Komunikazio Zientifikorako Elkarte Katalanarekin elkarlanean. Aurten 500dik gora ilustrazio egon dira lehian eta horietatik 40 aztertu ditu epaimahaia osatu duen aditu-taldeak. Irailera arte, erakusketa batean ikusgai izango dira lanak Natur Zientzien Museo Nazionalean.