Debako Odol Emaileen Elkarteako kideek gaurko eguna aprobetxatu nahi dute herritarrak sentsibilizatzeko eta odol emaile berriak lortzeko. Odolaren beharraz kontzientziatzea helburu hartuta, Egin bat Taupada Gorriarekin leloa daraman pankarta zintzilikatu dute udaletxeko balkoian, eta mezu bera daramaten pegatinak ere hasi dira banatzen egunotan herrian.
2024ko azarora bitartean iraungo duen kanpainari hasiera eman diote modu honetan, data horretan ospatzen baita Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen 60. urteurrena.
Odol erreserba maila “apalak”. Debako eta, oro har, Euskadiko Odol Emaileen Elkarteetako kideek ohartarazi dutenez, odol erreserba mailek “apalak” izaten jarraitzen dute, hori dela eta emaile gehiago lortzeko “dei berezia” egin dute. Debako elkartetik azpimarratu dute premia “etengabea” dagoela. “Beraz, odol emateek ere hala izan behar dute, etenik gabeak”. Eta erreserba mailak “behar bezala” bermatzen ez badira, arazoak sor daitezkeela ere gogorarazi dute. “Batzuk ez dira konturatzen zergatik dagoen odola erreserbetan, eta hori ulertaraztea oso garrantzitsua da”.
Herrian hurrengo ateratzeak noiz izango diren ere jakitera eman dute. Zehazki, abuztuaren 4rako eta azaroaren 10erako iragarri dituzte hurrengo datak. Ohi modura, 16:30etik 20:30era izango da hitzordua, Luzaro ikastetxean.