Askotariko proposamenez beteriko egitaraua prestatu du Gaztelekuak

Berriketan 2023ko eka. 20a, 11:27

Uda iritsi da, eta beste urte batez oporraldian hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango dute herriko nerabeek. 2006 eta 2010 urteen artean jaiotakoentzat dago bideratuta eskaintza.

Debako Gaztelekuak hainbat irteera eta ekintza prestatu ditu ekaina bukaerarako eta uztailerako. Ohi modura, adinaren arabera antolatutako irteerak egingo dituzte. 2006an jaiotakoak, esaterako, Senegalera joango dira NDANK NDANK elkartearekin batera; ikasturte osoan beraien nahi aurrera ateratzeko buru belarri aritu dira lanean, eta kulturartekotasuna lantzera joango dira Afrikako herrialdera. 2007an jaiotakoek, ostera, barbakoa egingo dute Elorrixan.

2008an jaiotakoak, berriz, Murillo de Gallegora joango dira ikasturte amaierako bidaian; prozesu hezitzailearen parte izan direnek, bi egunez rafting edo mendi irteerak egiteko aukera edukiko dute. 2009an jaiotakoek, aldiz, Santa Katalinan gaubela egiteko aukera izango dute: “ilunabarra ikusi, bertan afaldu eta gauez jaitsiko gara herrira”. 2010an jaiotakoek, azkenik, Donostiako Santa Klara irlan egunpasa egingo dute.

Elkarrekintza sustatu eta adin tarteko harremanak sendotzeko beste hainbat ekintza ere egingo dituzte datozen asteetan. 2006, 2007, 2008 eta 2009an jaiotakoak, esaterako, Labenne ur parkera irteera egingo dute uztailaren 5ean. 2009an eta 2010an jaiotakoak, berriz, Las Norias ur parkera joango dira uztailaren 11n. 2008an, 2009an eta 2010ean jaiotakoek, aldiz, uztailaren 13an goizez egingo den Gaztefutbol txapelketan parte hartzeko aukera izango dute.

Adinaren arabera antolatutako irteerez eta ekintzez gain, nerabe guztiek batera parte hartu ahal izango duten bestelako jarduerak ere egingo dituzte. Ekainaren 22an eta 23an, esaterako, Kayak eta arraun surf ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute. Ekainaren 26an, berriz, hondartzako boleibol txapelketa egingo dute eta hurrengo egunean, ekainaren 27an, aldiz, hondartzako futbol txapelketa.

EGITARAUA:

  • Ekainak 22 eta 23. Kayak eta arraun surf ikastaroa.
  • Ekainak 26. Hondartzako boleibol txapelketa.
  • Ekainak 27. Hondartzako futbol txapelketa.
  • Ekainak 29. Sukaldaritza barbakoa (2010an jaiotakoentzat irteera itxia)
  • Uztailak 4. Santa Klarara egunpasa (2010an jaiotakoentzat).
  • Uztailak 5. Labenne ur parkera irteera (2006-2009 urte artean jaiotakoentzat).
  • Uztailak 11. Las Norias ur parkera irteera (2009ean eta 2010ean jaiotakoentzat).
  • Uztailak 13. Gaztefutbol txapelketa (2008-2010 urte artean jaiotakoentzat).
  • Uztailak 17-19. Murillo de Gallegora irteera (2008an jaiotakoentzat).
  • Uztailak 21. Sunset party, Santa Katalinan (2009an jaiotakoentzat).
  • Uztailak 26. Hondartzan gaubela (2008an jaiotakoentzat).