San Pedro bezpera izanik, asteazken gauean (ekainak 28) ohiko zahagi erretzea egingo dute Plaza Zaharrean. Urtero modura, herriko dantzariek eta txistulariek ere parte hartuko dute ospakizunean.
22:00etan hasiko da festa, plazan zintzilikatuta egongo diren bi zahagiei su eman ondoren. Zahagiei sua eman aurretik, baina, txistulariak kalejiran aterako dira. Larruak sutan jarri ondoren, txistu doinuek lagunduta dantzan arituko dira dantzariak.
Ohikoa den modura, La Lubina Ehiza eta Arrantza Elkarteko kideek antolatu dute jaia, elkarteko patroiaren omenez. 1971n berreskuratu zuten ospakizuna, eta orduz geroztik elkartea arduratzen da berau antolatzeaz.