Iazko urrian hasi eta ekainera bitartean, astero-astero hitzorduak egin dituzte Zuhatza Euskara Elkarteko mintzalagunek. Lau taldetan banatuta, bakoitza bere dinamika eta ordutegiarekin, guztira 30 bat herritar aritu dira mintzapraktika egiten ikasturte honetan.
Urtero bezala, uda partean atseden hartuko dute, eta datorren ikasturtean, urrian, elkartuko dira berriz ere egitasmoaren edizio berriari ekiteko. Aurrez, baina, hilabeteotan egindako lana biribiltzeko, talde ezberdinetan jardun diren zenbait kide Lagun Artea elkartean bilduko dira bihar, iluntze partean, guztiek batera mokadu bat jan eta tarte atsegin bat pasatzeko. Hitzordua 19:00etarako jarri dute eta herritarrei guztiei egin diete bertaratzeko gonbitea.
Euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzen dituen egitasmoa da Mintzalaguna. Erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko asmoz antolatzen da, doakoa da, eta bi modutara parte har daiteke, euskara praktikatuz (bidelaria) eta euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira mintzalagun bihurtzeko baldintza bakarrak.
Deban, Zuhatzak dinamizatzen du programa, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean.