Euskarazko sorkuntza erdigunean jartzeko helburuz, aurtengo Gure Giroren egitarauari bere ekarpena egin nahi izan dio Zuhatzak, diziplina eta estilo ezberdineko euskarazko bi ikuskizun antolatuz. Bihar izango da lehen hitzordua, Pier Paul Berzaitzen Hitzez Hitz emanaldia, eta uztailaren 11n egingo da bigarrena (haurrei zuzendutako Esan, galtzerdi maitea! saio musikatua).
Ipar Euskal Herriko kantagintzaren erreferenteetako bat da Berzaitz. Muskildin 1952an sortua, Pauen bizi da gaur egun, eta ibilbide oparoa egin du musikagintzan. Besteak beste, Guk taldearen sortzaile izan zen, pastoralak ere egin ditu eta Baratze bat abesti ezagunaren sortzaile ere bada.
Bertsoa, musika eta dantza uztartzen dituen Hitzez Hitz proiektua aurkeztuko du oraingoan Deban. Formatu handiko ikuskizuna da eta, Berzaitzen alboan, hamarnaka lagun ariko dira zumardiko karpako agertokian. Maddalen Dorronsoro, Iñaki Tolaretxipi, Philippe de Ezcurra eta Eñaut Agirrerekin batera, Landarbaso abesbatza, Oinkari dantza taldea eta Dantza Trük Xüberoa-ko kideak ariko dira, hain zuzen, zuzeneko emanaldian. 20:00etan hasiko da saioa, eta sarrera librea eta doakoa izango da.