Lourdes Gonzalez artista debarrak gidatuko du osteguneko ikastaroa. Hiru saio izango dira aukeran, bi goizean (10:00etan eta 12:00etan) eta arratsaldean bestea (17:00etan), eta tailerrean parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, ondorengo estekan. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, dagoeneko plaza gutxi batzuk baino ez dira gelditzen, baina oraindik ere ez dira guztiak agortu.
Zeramikarekiko eta, oro har, artearekiko pasioa txiki-txikitatik datorkio Gonzalezi eta, hain zuzen ere, zaletasun hori tailerrean parte hartuko dutenei transmititzen saiatuko da. Bertaratzen direnek XVI. mendean Japonian sortutako Raku teknika zertan datzan ikasiko dute. “Labean aurrez egositako pieza txiki batzuk eramango ditut eta horiei eman beharreko koloreak aukeratu eta suaren magiaren menpe jarri ondoren, zintzilikariak, belarritakoak edo bestelako piezak osatuko ditugu”, aurreratu du Gonzalezek.