Burgos eta Araba aldera mendi irteera bateratua antolatu dute Debako Burdin Kurutz Mendi Taldeak, Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak, Ondarroako Aurrera Mendi Taldeak eta Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak elkarlanean. Igandean (uztailak 9), zehazki, Urduñako mendatean txangoa egingo dute. Murita (Burgos, Espainia) ingurutik abiatu eta Izarran amaituko dute 22 kilometroko ibilaldia. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, zailtasun ertaineko ibilaldia izango da, bost ordu inguruan egiteko modukoa.
Antolatzaileek iragarri dutenez, ur banalerroaren bigarren etapa egingo dute. “Etapa hau, berez, Altube mendatean bukatzen da, baina taldearentzat hobeto izango delakoan, Izarran amaitzera erabaki dugu”. Bidean, besteak beste, Nerbioi ibaiaren ur jauzia bisitatuko dute. “Bertatik, ibaiaren iturrietara joan, eta ibaiaren jaiotza tokia bere osotasunean ezagutu ondoren, banalerroko bidera bueltatuko gara”. Ondoren, Bezerendiano gailur ondotik eta Estuñagan ere ibiliko direla esan dute.
Irteeran parte hartzeko interesa daukatenek burdinkurutz@gmail.com posta elektronikora idatzita izena eman behar dute; horretarako azken eguna osteguna (uztailak 6) da. Irteeraren prezioa 15 eurokoa da bazkideentzat, eta 18 eurokoa gainerakoentzat. Prezio horren barruan garraioa sartzen dela esan dute.
Ohi modura, autobus zerbitzua ere egongo da. Igandean, 07:00etan abiatuko da autobusa estalitako pasealekutik. Debako mendizaleak jaso ondoren, Mutrikun, Ondarroan eta Markina-Xemeinen egingo du geldialdia autobusak.