Geoparkearen ekoturismo proposamen berriak bi orduz nabigatzeko aukera eskaintzen du, Zumaiako kirol portutik abiatuta eta itsasertzarekiko paraleloan zeharkaldi bat eginez, ondoren abiapuntura itzultzeko. Maya belaontzia 11 metro luze da eta marinel aditu batek gidatzen du. Irteerak astean behin egingo dira, eguerdietan, 40 euroan. Antolatzaileek jakinarazi dute gehienez 6 herritarrek har dezaketela parte bisita bakoitzean, “esperientzia paregabea eta lasaia izango dela bermatzeko”.
“Txango hau ezin aproposagoa da belaontzi txiki batean zeharkaldiak eskaintzen duen lasaitasun eta esklusibotasunarekin flyschaz gozatu nahi duten bisitarientzat. Nabigazioaren askatasuna sentitu nahi dutenentzat oso egokia da, Zumaia eta Deba arteko itsaslabarren paisaia handientsua patxadaz ikusteko aukera ematen baitu”, azpimarratu dute Geoparkeko kideek.
Bisita gidatuei buruzko xehetasunak hemen kontsulta daitezke, baita Deba, Mutriku eta Zumaiako turismo bulegoetan ere. Internetez zein aipatutako bulegoetan egin daitezke erreserbak ere.