Egitasmoaren 10. urtemugako ospakizunez gain, aurten ere denetik izango du Iturri Ondoanek uztaileko ostiral gauetan. Gaur izango da lehen emanaldia, 22:00etan ohiko lekuan, eta bertsoa izango da protagonista.
“Zenbat gara? Lau? Bat? Hiru, Bost, Zazpi? Bakoitzak jar diezaiola zenbakia galdera horri, baina gu saiatu gara Euskal Herria osatzen dugun guztion errepresentazio bat hona ekartzen”, azaldu dute antolatzaileek.
Arabatik dator Oihane Perea, Nafarroatik Joanes Illarregi, Gipuzkoatik Miren Artetxe, Ipar Euskal Herritik Amets Arzallus, eta Bizkaitik Maite Berriozabal. “Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako lau bertsolariak eta gai-jartzailea saiatuko dira, umorez batzuetan, seriotasunez beste batzuetan, euren artean zubiak eraikitzen, konplizitateak harilkatzen, iturri zaharreko ur berria guregana ekartzen, egarriz gera ez gaitezen”.
Datorren ostiralean, uztailaren 14an, literatura, irudiak eta musika uztartuko dituen Begiradak emanaldia izango da 22:00etan, Plaza Zaharreko iturri ondoan.