Kide berrien bila dabil Debako erraldoien taldea, konpartsa indartu eta bere ohiko jarduerarekin aurrera egiteko helburuarekin. Eta, bide horretan, ate irekien jardunaldia antolatu du biharko. Luzaro eskolan egingo da topaketa eta, bertan, aukera izango da erraldoiak eta buruhandiak gertutik ezagutu, ukitu edota proba egiteko.
Zazpi urtetik aurrerako herritar guztiak daude hitzordura gonbidatuta, eta 16 urtetik beherakoak guraso edo heldu batekin agertu beharko direla ohartarazi dute konpartsako kideek. Ez da beharrezkoa izena aldez aurretik ematea.
“Neurri guztietako erraldoiak eta buruhandiak egongo dira bertan, neurri guztietako pertsonentzako modukoak. Beraz, ez dago aitzakiarik ez probatzeko“, azpimarratu dute antolatzaileek. Tarte atsegin bat pasatzeko aukera ona izango delakoan, herritarrei deialdiarekin bat egiteko eta Luzaro eskolara bertaratzeko deia egin diete.