Amagoia Arrietak bere palmaresa handitzen jarraitzen du. Aurreko asteburuan, esaterako, Valentzian jokatu den Espainiako Boccia Txapelketan nagusitzea lortu du. Deban bizi den kirolaria, zehazki, BC1 kategorian (eskuekin edo oinekin jaurtitzen duten eta laguntzailea behar duten kirolariak) nagusitu zen, txapelketa on bat burutu ondoren.
Txapelketa irabazteko faboritoetako bat zen, eta beste behin ere ez du hutsik egin. Hiru aldiz izan da Espainiako txapeldun eta oraingoan ere emaitza bera errepikatu du, urrea laugarrenez poltsikoratuz. Valentzian bizi izan duen esperientziari buruzko balorazio ona egin du eta txapelketa berriro irabazteak “sekulako ilusioa” egin diola azpimarratu du. “Arrazoi pertsonalengatik, nire kirol ibilbidearen etorkizunerako garrantzi handikoa izan da txapelketa hau irabaztea”.
Abuztuan Europako Txapelketa lehiatuko du, eta helburua 2024ko Joko Paralinpikoetan parte hartzeko txartela lortzea dela nabarmendu du
Lehiatu zituen ia partida guztiak irabazita lortu du urrea. Multzoen fasea, esaterako, oso gorabeheratsua izan zen Arrietarentzat. Lehen partidan, 7-2 irabazi zion Keni Bopari, baina Alvaro Ballesterosen aurka galdu egin zuen, 1-5eko emaitzarekin. Txapelketaren azken fasean, ordea, hobeto aritu zen. Amics de la Boccia taldeko Vicente Lletiren aurka jokatutako final-laurdena erraz irabazi zuen; 9-2 irabazi zuen neurketa.
Finalerdietan, berriz, garaipen estua eskuratu zuen Fundacion Ana Valdivia taldeko Ismael Muñozen aurka; 4-3 irabazi zuen. Finalean, azkenik, 4-1 gailendu zen Aspace Aragon taldeko Joaquin Villenaren aurkako norgehiagokan. Brontzea, aldiz, Desire Segarrak lortu zuen, Ismael Muñozi 8-0 irabazita.
Txapelketa irabazi berritan, helburu berriak lortzeko gogoa duela agertu du. Abuztuan, Rotterdamen (Herbehereak) jokatuko den Europako Txapelketan parte hartuko du, Espainiako selekzioarekin, eta helburua 2024ko udan Parisen izango den hitzordu paralinpikorako sailkatzeko txartela lortzea dela nabarmendu du. Boccian, esaterako, kategoria bakoitzeko irabazleek zuzenean eskuratuko dute Parisen lehiatzeko txartela, eta erronka hori jomugan duela esan du.