KOLABORAZIOA

Ina Oiartzabal Errastiren kolaborazioa: ‘Zuhaitzaren kulturaz jabetu’

Berriketan 2023ko uzt. 12a, 09:00

Hona hemen Ina Oiartzabal Errastik ekaineko Berriketan herri aldizkarian argitaratutako kolaborazioa.

Idatzi honen bidez, herrian bertan daukagun zuhaitz aberastasuna eta natur ondarea ezagutarazi eta zabaltzeko eskaera egin nahiko nuke. Eskualdean sortutako Historiaurreko Bailara proiektu interesgarriarekin egin den bezala, gure hurbileko historian eta gero eta urrunago dugun naturan ere arreta berezia ipini nahiko nuke, bereziki zuhaitzen inguruko jakiturian.

Urte batzuk daramatzat Eibarren bizitzen. Eibarrek baditu mendi ederrak inguruan, baina hiriaren hutsunerik handienetakoa belargune eta zuhaitzez betetako espazio naturalen falta da; alegia, lasai egon, jolastu, arnastu edo txorien kantak entzun ahal izateko espazioen falta. Deban, aldiz, aspaldi lortu ziren herrian bertan zuhaitzez betetako espazio natural ederrak. Bere garaian, borroka gogorrak izan ziren Calbeton zumardian etxeak eta txaletak egin nahi zituztenen eta kontra zeudenen artean. Baina azkenean lortu zuten, igarle edo ameslari batzuei esker, zuhaizti eta berdegune eder horiek mantentzea.

Azkenaldian, inoiz baino gehiago, zumarditik paseatzen nabil nire amarekin. Umetan, ordu asko pasatakoak gara paraje honetan. Nola ez gogoratu zuhaitzetara igotzen edo jolasten pasatako orduak! Nola ez gogoratu kiosko atzealdean egindako bihurrikeriak (beste gai bat bada ere, guretzat balio sentimentala izan dezakeen arren, balio estetiko-arkitektoniko gutxi eta erabilpenik ez duen eraikina, nire ustez)! Nola ez gogoratu umetako krosaren urduritasuna edo, Amaikak Bateko jokalari ginenean, Salegi, Aldamar edo Muñozguren entrenatzaileekin paraje eder honetan egindako korrikaldiak!

Garai haietan ez ginen inguruaren benetako balioaz ohartzen. Orain, berriz, zumardian paseo lasaiak egitean, amaren txundipen hitzak entzuten ditut behin eta berriz. Bertatik pasatzen garen bakoitzean, zumardiari eta bertako zuhaitz aniztasunari buruzko goraipamenak besterik ez ditut entzuten. Ibilalditxoetan urtaroen itxura-aldaketaz jabetu gara eta udazkenetako zuhaitz gehienen hosto-galtzeak ikusi ditugu. Jose Luis Albizuren ezagupenei esker, gehienak kimatu dituzten arren, indigaztainak, gerezi japoniarrak edo ezkiak adarrekin gelditu direla ere jakin dugu. Baina zuhaiztiaren edertasunaz jabetzearekin batera, zumardiaren historiaz eta zuhaitzei buruz dudan ezjakintasunaz jabetu naiz. Izan ere, platanondoak edo beste zuhaitz gutxi batzuk identifikatzeaz gain, ezer gutxi dakidala ohartu naiz. Noiz osatu zen Calbeton zumardia? Zenbat zuhaitz daude bertan edota erreka inguruan? Zein motatako zuhaitzak ditugu? Noiz inausi behar dira?…

Herrian bertan halako ingurune naturala eta hainbeste zuhaitz motaz osatuta dagoen zuhaizti naturala duten herri gutxi izango dira munduan. Horregatik, dugun aberastasuna eta jakinduria galdu ez dadin, eta gure hurbileko ondarea eta jakituria (zuhaitzei buruzkoa bereziki) ondorengoei transmititu diezaiegun, Historiaurreko Bailara proiektuaren antzera, era xumeagoan bada ere, herrian ditugun zuhaitzen inguruko ibilbidea egitea proposatzen dut, Debako Zuhaitzen Ibilbidea, hain zuzen.