Egitarauari bihar (uztailak 19) egingo den blues tailerreko musikarien emanaldiarekin emango zaio hasiera. 22:00etan izango da hitzordua, gaztetxean egingo den Asteazken Akustikoen baitan.
Biharko emanaldiaz gain, beste hainbat kontzertu ere izango dira aukeran aurten. Trizak trio (jazz), Victor Anton group (jazz), Move quartet (jazz), The Swinghoppers (Swing) eta The Wilsons organ trio (blues) ariko dira agertokian. Eta, kontzertuez harago, bestelako proposamen berri batzuk eta nobedadeak ere izango dira egitarauan, hala nola Iker Piris gitarristak eskainiko duen blues masterclass-a edota Lindy Hop dantza ikastaroa. Doakoak izango dira ekimen guztiak.
Trizak trio (uztailaren 20an, 19:30ean, Kultur Elkartean)
Saxo, kontrabaxu eta bateriaz osatutako “ezohiko” hirukote honen proposamena musika inprobisatuan oinarritzen da. Proiektua Julen Izarra, Jon Piris eta Hasier Oleaga musikariek osatzen dute (Organiks, Travellin´ Brothers Big Band, RS Faktor, Nevermind taldeetan edota Ruper Ordorikarekin zuzenekoetan aritutakoak, besteak beste).
Iker Piris blues masterclass (uztailaren 21ean, 18:00etan, Ispiluen gelan)
1979. urtean Tolosan jaiotako bluesman-a da Iker Piris. 1997an hasi zen agertokietara igotzen, eta 2009an Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan lizentziatu zen. 2009tik 2018ra bitartean, The Romanticos taldeko buru izan zen eta hamaika talderekin aritu izan da kontzertuak ematen, Euskal Herrian nahiz nazioartean. Ispiluen gelan eskainiko duen tailerra blues musika gustuko duen edonori dago zuzendua, saio irekia izango da, norbere musika jakintza maila edozein izanda ere.
Victor Anton group (uztailaren 22an, 19:00etan, Kultur Elkartean)
Victor Anton gitarrista eta konpositorearen proiektu pertsonala da honakoa. Musikari bikainak ditu alboan, Motion bere lehen diskoan bakarlari gisa islatu zituen jatorrizko konposizioak interpretatzeko. Taldea Musikenen sortu zen eta boskote formatuan arituko dira Debako emanaldian (saxo altua, gitarra elektrikoa, pianoa, kontrabaxua eta bateria).
Move Quartet (uztailaren 22an, 22:00etan, Kultur Elkartean)
Borja Barrueta, Alberto Arteta, Javier Callen eta Iñigo Ruiz de Gordejuelak ostatutako laukotea da Move. Beren proposamenean, aurrerantz, abangoardiarantz bultzatzen duten musika-konposizioei forma eman nahi diete, jazzarekiko eta beste estilo batzuekiko duten pasioa alde batera utzi gabe.
The Swinghoppers (uztailaren 23an, 13:00etan, Kultur Elkartean)
Josu Salegik, Iñigo Ruiz de Gordejuelak, Elash Cissek eta Unai Olabarrik hitzordurako propio sortutako laukotea da The Swinghoppers (saxo altua, pianoa, baxua eta bateria). Swing musika oinarri hartuta, goizean Ispiluen gelan egingo den dantza tailerrarekin uztartuko dute eguerdiko emanaldia.
The Wilsons organ trio (uztailaren 23an, 19:00etan, Kultur Elkartean)
Earlyjazzak, rhythm & bluesak eta rock-and-rollak bat egingo dute The Wilsons hirukotearen emanaldian. Freddy Pelaezek (organoa), Iker Pirisek (gitarra eta ahotsa) eta Andy Martinek (bateria) osatzen dute taldea. Bertsio ezagunez eta kantu originalez elikatutako errepertorioarekin, The Wilsons Organ Triok ikuskizun dinamiko eta bizigarria eskainiko du, “bluesa aspergarria” dela pentsatzen dutenen iritzia aldatzeko asmoz.