Debako hainbat eragilek elkarlanean antolatu duten Gure Giro programazioaren baitan egiten ari dira Marea gora zikloko solasaldiak. Aurreko bi saioetan Maria Intxaustegi eta Mikel Ayestaran izan ziren gonbidatuak, hilaren 5ean eta 12an, hurrenez hurren, eta bi kasuetan lepo bete zen Kultur Elkartea. Hirugarren hitzordua izango da, hortaz, gaur (uztailak 19) egingo dena.
Automozioan eta robotikan ingeniaria da Ibai Inziarte, eta gaur egun Aldakin Taldeko Berrikuntza zuzendaria eta dibulgatzaile zientifikoa ere bada. Pil-pilean dagoen gaiaren inguruan jardungo du Kultur Elkartean, adimen artifiziala izango baitu hizpide. Gaztelaniaz egingo da saioa.
Laugarren eta azken hitzaldia datorren asteazkenerako, uztailaren 26rako, antolatu dute. Pako Salegi izango da gonbidatua eta Geoparkea izan zitekeen Zentral Nuklearretik hitzaldia eskainiko du. Ibilbide profesional luzeko kooperatibista eta gizarte aktibista debarra da Salegi, baita Debako zentral nuklearraren aurkako militantea ere, besteak beste. Gaztelaniaz jardungo du Kultur Elkartean, 19:00etan hasiko den hitzorduan.
Debabarreneko Ikasten elkarteak, Esperientzia Eskolaren 18. promozioarekin, antolatutako hitzaldi zikloa da Marea gora. Bailarako herritar guztiei zuzendutako egitasmoa da eta, jendearen interesa piztu nahian, ibilbide pertsonal eta profesional ezberdineko gonbidatuekin osatutako egitaraua prestatu dute uztailerako, besteak beste, ozeanoak, Ekialde Hurbila, adimen artifiziala eta zentral nuklearren aurkako mugimenduari buruz jarduteko.