Iazko datu bilketaren berri eman du Debabarrenako Mankomunitateak, guztira 26.049 kg hondakin arriskutsu jaso zituztela nabarmenduta. Horien artean, batez ere pintura zaharkituak, plastikozko ontzi handiak eta produktu kimikoak batu zituzten.
Ohartarazi dute “hondakin horien kudeaketa, daukaten arriskua medio, oso garrantzitsua eta sentsiblea” dela eta, bide batez, gogorarazi dute garbiguneetara eraman behar direla mota honetako hondakinak: pintura poto hutsak, aerosol hutsak, hondakin arriskutsuak izan dituzten plastikozko nahiz metalezko ontzi hutsak, erradiografiak, produktu kimikoak (disolbenteak eta abar), bonbillak eta fluoreszenteak.
Bestalde, minigarbiguneetan etxean sortutako ondoko hondakin arriskutsuak utzi daitezke: aerosolak, pintura pote txikiak, erradiografiak, tonerrak eta pilak. Ildo horretan, mankomunitateko arduradunek herritarrei gogorarazi nahi diete “oso garrantzitsua” dela hondakin bakoitza dagokion ahotik sartzea minigarbigunera.