Gartxot Unsainek 2018an sortutako “proiekturik pertsonalena” da Ghau. Proposamen artistikoak, funtsean, musika du oinarri, eta artearen aniztasuna defendatzea eta diziplina ezberdinen arteko nahasketa egitea ditu helburu. Nora(ez)eroso diskoa kaleratu eta urtebetera, Ghau proiektuaren Arin Nira bigarren lana aurkeztuko du ostiralean (uztailak 28) Deban Unsainek; Iturri Ondoan egitasmoaren baitan eskainiko den azken emanaldia izango da.
Jaiotz Osa dantzariarekin batera, lan horretako doinuak taularatu, eta musikaren eta dantzaren arteko elkarrizketa antzerako bat eskainiko du Plaza Zaharreko oholtzan, koreografia zaindu batek lagunduta. Sortzailearen arabera, “barruan dugun ume galdua berreskuratu eta presari buruzko gogoeta eragin” nahi du bisualki eta kontzeptualki “ezohikoa” suertatu daitekeen ikuskizunarekin.