Bi proiektu artistiko aurkeztu dira lehiaketaren aurtengo deialdira eta biak ala biak izan dira sarituak. Epaimahaiak euren obra bateratu eta klaustroko erakusketa elkarlanean prestatzeko aukera eman die Jon Amorrorturi eta Mikel Erkiagari, eta haiek pozik heldu diote erronkari, proposamena onartuta.
Bilbon sortuak dira biak, eta aurrez ere elkar ezagutzen zuten, “baina hau izan da elkarlanean aritu garen lehen aldia”, azaldu du Erkiagak. “Pintura medio, gure adiskidetasuna sendotzeko modu bat izan zitekeela pentsatu genuen eta, egia esan, oso polita izan da”. Pinturarekiko pasio partekatua, irudi batetik irudi berriak sortzeko gaitasuna eta sentsibilitate puntu amankomunak izan dituzte bidelagun prozesuan, eta Zer axola dio, azkenean pintura da (Qué más da, al final es pintura) goiburupean aurkeztu dute azken emaitza jendaurrean.
Bakoitzak bere estudioan egindako obra sorta bat ekarri du Debara, klaustroko hormak janzteko. Akrilikoa, olioa, espraiak eta argizariak baliatuta sortutako margolanak dira, kolore eta tamaina ezberdinekoak, eta oro har landareak, loreak, natura, hormak, irudiak nahiz paisaiak dira nagusi.
Amorrorturen eta Erkiagaren erakusketa abuztuaren 31ra arte egongo da ikusgai. Eliza zabalik egoten den uneetan ez ezik, uztailean ondoko ordutegian ere egongo da herritarrentzat zabalik: asteartetik larunbatera 17:00etatik 19:00etara bitartean, eta igandeetan eta jaiegunetan 17:00etatik 20:00etara.