Programazioa abuztuaren 3an hasiko da, zinema eta zuzeneko musika uztartuko dituen saio berezi batekin. Euskadiko Filmategiarekin eta Aitzuri Abesbatzarekin elkarlanean antolatu da emanaldia. Bertan, El mayorazgo de Basterretxe film mutua izango da ikusgai, eta proiekzioa organoaren doinuekin jantziko dute. Mauro eta Victor Azconak 1928an estreinatutako film ezaguna eta aitzindaria da, besteak beste, garaiko Euskal Herriko ohitura eta tradizioak primeran islatzen dituena; gaur egun filmategiak gordetzen duen harribitxietako bat da.
Open Brass metal eta perkusio taldea ariko da hilaren 10ean. Hiru tronpeta, bi tronboi eta perkusioa batzen dituen taldeak hamabost urtetik gorako ibilbidea egin du, eta 500dik gora kontzertu eman dituzte urteotan.
Hilaren 24an, berriz, Ander Telleria soinujole entzutetsuaren emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Eta, abuztuaren 31n, Teresa Albero sopranoak eta Erik Garcia pianistak itxiko dute aurten 40 urte betetzen dituzten udako kontzertuen zikloa.