Ekainaren 16-17ko asteburuan Zurrunbilo Ur Kirol Elkarteak, Yako eta Ipar Surf Skate eskolekin batera, Debadaba festa antolatu genuen. Programaren barruan, Emakumeek* euren lekua izan zezaten ekintza bat antolatzea garrantzitsua zela iruditu zitzaigun Zurrunbiloko Berdintasun Saileko kideoi eta hura aurrera eramateko lanean hasi ginen.
Emakumeei* bideratutako ekintza zuzen bat prestatu nahi genuen, surfa bezalako espazio maskulinizatuan emakumeen* presentzia ahalbidetzeko. Aldi berean, gune seguru bat eraikitzea genuen helburu; zaindua, epairik gabekoa, herrikoia eta ahalduntzeko eremua izango zen gunea.
Izen-ematea zabaldu zen, eta gure sorpresarako adin eta jatorri desberdineko 41 emakumek* eman zuten izena. Surfean ibiltzen direnak, hasiberriak, surfa inoiz probatu gabeak, debarrak zein inguruko herritarrak… zeuden tartean.
Bi orduko ikastaro bat antolatu genuen. Partaideak hiru taldetan banatu eta saioari hasiera emateko hausnarketa bat egitea proposatu genien; espazio seguru bat sortzea zen horren guztiaren helburua. Eta segurtasun neurriei eta surfari buruzko azalpenak eman ondoren, uretara sartu ginen, goizaz gozatzera.
Hastapen ikastaro hau aurrera eramateko begiraleak behar genituen, eta Zurrunbiloko bazkide diren eta herrian surfean aritzen diren emakumeen talde bat osatu genuen, adin eta surf esperientzia ezberdineko kideekin. Horrekin erakutsi nahi genuena da surfean aritzeko ez dagoela mugarik; edonork praktika dezakeela kirol zoragarri hau (gazte zein helduek, kirola gustuko dutenek edota kirolari berebiziko maitasunik eskaintzen ez diotenek). Hau da, funtsean, nahi duen emakume* orok egin dezakeela surfa.
“Ahalduntze espazio bat sortzea lortu genuen, non parte-hartzaile guztiak babestuta sentitu ziren, plazererako gune bat sortuz”
Hasieratik oso giro polita sortu zen parte-hartzaile guztien artean, batzuek elkar ezagutzen genuen, baina tartean baziren aurpegi berriak ere, eta denen artean talde bikaina sortu zen. Irribarreak, eskertzak eta hainbat testigantza jaso genituen. Horien artean 40 urtetik gorako ama debar batena aipatu beharra daukagu: ikastaroan parte hartzen zegoela, bere alabak ikusi zuen, eta ama konturatu zen harentzat erreferente izateko bide bat zela ikastaroa. Ahalduntze espazio bat sortzea lortu genuen, non parte-hartzaile guztiak babestuta sentitu ziren, plazererako gune bat sortuz.
Jaso dugun erantzunak beste ikastaro batzuk antolatzeko gogoa eta indarra eman digu; beraz, uste baino lehenago uretan ikusiko dugu elkar.
Zurrunbiloko Berdintasun Sailetik monitore eta emakume* guztiei zuen parte-hartzea eskertzea besterik ez zaigu geratzen. Bizi izandako esperientzia jaso nahi izan dugu lerro hauetan, baina badakigu hitzak motz geratzen direla horretarako.