ELKARRIZKETA

“Gainontzeko jaialdi guztietan bezala, erakustaldi on bat egitea espero dugu”

Berriketan 2023ko abu. 10a, 09:30

Senideek egindako bideari eutsita, duela gutxi murgildu zen herri-kirolen munduan Kimetz Oñederra ‘Aittola’ aizkolari debarra. Mugerza II.arekin bikotea osatuta, abuztuaren 18an Iker Vicente eta Izeta V.aren aurka egingo du erakustaldia.

Aizkolari txapelketetan hasi berria zara. Noiz ekin zenion zehazki?
Orain dela urtebete hasi nintzen.

Eta nondik datorkizu zaletasuna?
Bai aitaren eta bai amaren aldetik, oso zaleak gara. Aitaren familiako batzuk, adibidez, aizkolariak izandakoak dira, eta txiki-txikitatik gustuko izan dudan zerbait izan da.

Urduri al zaude Debako jaialdiari begira?
Beti egoten da azken momentuko urduritasuna eta kezka, baina gainontzeko jaialdi guztietan bezala, erakustaldi on bat egitea espero dugu.

San Roke jaietan bizilagunen aurrean etxean jarduteak zer suposatzen du zuretzat?
Alde batetik, gustura eta pozik nago etxean nagoelako, baina, bestetik, presio puntu bat ere badut.

Ugaitz Mugerza edo Iker Vicente bezalako txapeldunekin aritzea ere pozgarria izango da zuretzat, ezta?
Eurekin aizkoran aritzeko aukerarik ez dut izan oraindik eta, egia esan, ilusio handia egiten dit euren mailako aizkolariekin plazan aritzeak.

Udan, oro har, antzeko erakustaldi gehiago izaten dira. Zer asmo duzu epe motzean?
Lau erakustaldi dauzkat lotuta, eta horietarako zein udazkenetik aurrera izango ditudan txapelketetarako prestatzen hasita nago.