Brigade Locoren ‘Bultzada’ kantua, BBCren uhinetan

Berriketan 2023ko ira. 6a, 13:16

Iggy Pop musikari ospetsuak Lander Aznal debarra kide duen taldearen kantu ezagunarekin abiatu du BBCn egin duten musika saioa.

Iggy Pop abeslari estatubatuar ospetsuak musikari zuzendutako Iggy Confidential izeneko irratsaioa egiten du igande arratsaldero BBC irratian musikari eskainitako Radio 6 Music katean. Bertan, oro har, talde anglosaxoiak gomendatzen ditu, baina azken igandean (irailak 3) egindako irratsaioa Lander Aznal debarra kide duen Brigade Locoren Bultzada abesti ezagunarekin ekitea erabaki zuen. Bi ordu irauten ditu saioak eta, bertan, momentuan entzuten ari den abestiak gomendatzen dizkie zaleei Popek, baita berarentzat zerk egiten dituen berezi ere.

Anoetako harmailetan oso ezaguna den ereserkia oso-osorik entzun ahal izan zen, eta amaitu orduko “ezer ez zuela ulertu” aitortu zuen The Stooges talde ezaguneko liderrak. “Ez dut tutik ere ulertu, baina hitzak oso zorrotz eta gogorrak sumatzen dira. Abeslariak dena nola ematen duen gustatzen zait”, adierazi zuen.

Minutu eta erdiko hitzartzean, gainera, Social Distortion punk talde kaliforniarrarekin ere alderatu zuen boskotea, taldea euskalduna dela zehaztuz eta horri buruz Wikipedian agertzen den informazioa ere emanaz. Besteak beste, taldekideen izenak banan-banan zerrendatu, nongoak diren eta ze musika mota jotzen duten ere aipatu zuen Popek.

Musikari estatubatuarrak euskal taldearen kantua aukeratu izanak sekulako oihartzuna izan du, eta Alex Arteaga taldeko gitarra jotzaileak Euskadi Irratian egindako adierazpenetan azaldu duenez, “sekulako ezustekoa” izan da eurentzako ere. Agertu duenez, norbaitek entzun zuen irratsaioa, eta pertsona horrek posta elektroniko baten bidez eman die horren berri. Astelehenean (irailak 4) jaso zuten mezua, eta albistea “norbaitek egindako txantxa bat” ez zela ziurtatzeko, mezua behin eta berriz irakurri behar izan zutela dio.

[Entzun HEMEN irailaren 3ko Iggy Confidential irratsaioa]

Gertaera oraindik ere sinetsi ezinik baldin badaude ere, “pozik” hartu dute albistea. “Halako tamainako eta halako historia luze eta potentea daukan musikari batek bere saioa gure abesti batekin zabaltzea pozik egoteko arrazoi handi bat da”, dio Arteagak. Eta Iggy Pop berak euren taldea Kaliforniako Social Distortion taldearekin alderatu izana ere “sekulakoa” izan dela gaineratu du. Azpimarratu duenez, “oso presente” duten taldea da eurentzat.

Europan barrena. Udan geldialdi txiki bat egin ostean, oholtzetan bueltan da taldea. Uneotan buru-belarri ari dira prestatzen Europan barrena emango duten kontzertu sorta. Larunbatean (irailak 9), esaterako, Amsterdamen ariko dira eta hurrengo egun eta asteetan Kiel, Praga, Dresde edota Berlinen ere ariko direla aurreratu dute.