FesTVal-ek zabaldutako oharrean dioenez, “hamarkada batean, Tokikomek agerian utzi du zein garrantzitsuak diren tokiko komunikabideak gizartean, bertako informazioa galdu ez dadin. Gainera, elkarlan eredu berriak ezarri ditu, tartean EITBrekin, sektorearen hedapena sustatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.
Elkarlan horien artean daude Primeran ikus-entzunezko plataformarako egindako lana, datu kazetaritzan lehen pausoak eman dituen Saretzen proiektua, irratietara tokiko istorioak eramateko irrati-kolaborazioa, partekatu dituzten jakintza eta erremintak, saio bereziak elkarlanean produzitu eta pantailaratzea, eta abar.
Alaitz Artolazabal zuzendariak pozez hartu du saria: “Euskara hutsezko hedabideak aitortzea ez da egunero gertatzen. Komunitate sendoa osatzen dugu, baina are handiagoa izango bada elkarlan efektiboak beharko ditugu ezinbestean. Txikitik egiten dugun ahalegin hau EITB moduko enpresa handi batek ikusi izana positiboa da eta indarrak ematen dizkigu beste hainbeste urtetan jarraitzeko”.
Aitortza zero kilometroko komunikazioari
Tokikomek zero kilometroko komunikazioa lantzen du: “Gertuko komunitatearekin bat eginda, informazioa bertatik bertara lantzeko, inguruko norbanako eta entitateekiko konpromisotik, modu zintzo eta profesionalean. Informazioa bertatik bertara lantzen du, bitartekaririk gabe, iturriak kontrastatuz eta zurrumurruei bidea itxiz”.
Tokikom markaren atzean 250 profesionaletik gora ari dira lanean gaur egun, 76 komunikabidetik gora biltzen dituen bateragunean, guztiek ere komunikazio zerbitzua helburu izanik. Berriketan hedabidea ere komunitate horretako kide da.
Saria irailaren 9an egingo den FesTVal jaialdiaren 15. edizioaren galan jasoko du Tokikomek, Gasteizko Principal antzokian 20:00etan egingo den ekitaldian. Bertan, Tokikomek ez ezik, ETBko kirol zerbitzuek ere jasoko dute aitortza. Hain zuzen, aurtengo sari berezia jasoko dute informazioa eskaintzeko, euskal kirolari zabalkundea egiteko eta kirolean emakumezkoen erakusleiho izateko ere egin duten lanagatik.