Beste behin ere Emakumea* Surflari ikastaroak eskainiko dituzte Deban

Berriketan 2023ko ira. 7a, 09:29

Udazkeneko ikastaroak irailaren 19tik urriaren 27a bitartean burutuko dira Santiago hondartzan; izena emateko epea zabalik dago.

Ikastaroak sei saioz osaturik daude, eta bertan surfari buruzko oinarrizko ezagupenak lortu, ur kirolez gozatu eta konfiantza, ahalduntzea eta autonomia moduko gaitasunak bereganatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Ikastaroak, ohi modura, Santiago hondartzan eskainiko dituzte, eta udal iturriek jakitera eman dutenez, lau maila egongo dira aukeran.

Ordutegia. Ikastaroen ordutegiak eta egunak zehaztuta daude jada, eta azpimarratu dutenez, saio guztiak sei laguneko taldetan banatuta egingo dituzte. Lehen mailako saioak asteartetan izango dira, 17:00etatik 19:00etara. Bigarren mailako saioak, berriz, ostegunetan burutuko dira, 17:00etatik 19:00etara. Hirugarren eta laugarren mailetarako saioak, aldiz, egun eta ordu berean burutuko direla jakitera eman dute; ostiraletan egingo dituzte saioak, 17:00etatik 19:00etara.

16 urtetik gorakoei zuzenduta daude ikastaroak, eta bertan parte hartu nahi dutenek irailaren 14ra bitartean izena eman beharko dute turismo bulegoan

Antolakuntzatik nabarmendu dutenez, Emakumea* Surflari elkarteak eman ezin dituen eskola orduak soilik berreskuratu ahal izango dira. “Arazo pertsonalengatik galdutako saioak ezingo dira berreskuratu. Eragina izan dezaketen eta jakin beharko genituzkeen informazio osagarriak elkarteko arduradunei helarazteko eskertuko genizuke”.

16 urtetik gorakoei zuzenduta daude ikastaroak, eta bertan parte hartu nahi dutenek irailaren 14ra bitartean izena eman beharko dute turismo bulegoan; bertaratzerik ez dutenek 943 19 24 52 telefono zenbakira deituta edo turismoa@deba.eus helbidera idatzita ere izena eman dezakete. Ikastaroaren prezioa 113 eurokoa da, asegurua barne.

Ohartarazi dutenez, nork bere neoprenoa eraman beharko du, baina neoprenorik ez dutenek Yako Surf eta Ipar Surf eta Skate eskoletan alokatzeko aukera izango dutela esan dute. Gaineratu dutenez, hastapen mailetarako kortxozko oholak ere erabilgarri egongo dira, baina gainontzeko mailetarako beharrezkoa den taula ebolutiboa edo gogorra norberak eraman beharko du.